1. -(t)xe atzizkia erakusleak indartzeko erabiltzen da bereziki, batez ere galdegai direnean. Galdegai izan gabe ere erabiltzen da, hala ere, ezezkoetan: Ez dira oraintxe/orain hasiak zeingehiagoka arerio hauek biak.
Hiztun batzuek erakuslearen erroaren ondotik jartzen dute, kasu markaren aurrean (honexeri, horrexeri, harexeri); beste batzuek, azkenean (honixe, horrixe, harixe). Gauza bertsua gertatzen da kasu hauetan ere: honexetan/honetantxe, honexekin/honekintxe, honexetara/honetaraxe, etab. Eta baita erakusleetatik sortzen diren aditzondoetan ere: hementxetik/hemendixe, hortxetik/hortixe, honelakoxe/honelaxeko, etab.
Euskara estandarrean biak dira zilegi; hizkera- eta estilo-moldean dago diferentzia. Beraz, hiztun bakoitzak edo idazle bakoitzak edo erakunde bakoitzak erabaki behar du zein erabili, garbi izanda ez dela komeni bi moldeak nahasian erabiltzea.
2. -xe atzizkia adjektiboaren edo adberbioaren indarra arindu edo leuntzeko ere erabiltzen da, bestalde (-txo txikigarriak ere badu askotan balio hori): handixe(ago)a, puskatuxe(ago)a, barexeagoa...; gehixeago, gutxixeago, geroxeago, beheraxeago, aurreraxeago, hobetoxeago...
Formari dagokionez, -xe > -txe aldaketa gertatzen da normalean n, l eta r fonemen ondoren (hemen/hementxe, hor/hortxe, motel/moteltxeago, lehentxeago...). Hala ere, ugari dira salbuespenak: urrunxeago, zabalxeago, laburxeago, zaharxeago...
EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (84-85, 136).
— “Lekua adieraztea: -xe- indargarria (atzeraxeago, atzeragoxe)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: -xe atzizkia (horrekintxe/horrexekin)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Denbora adieraztea: oraintxe/orain (oraintxe/orain ez daukat hori ikusteko gogorik)”, Jagonet galde-erantzunak.