‘Usain egin’ adieran (du aditza), kalko desegokia egiteko arriskua egoten da erdarazko (es) oler / (fr) sentir aditzekin. Erdarazko oler/sentir aditzek bi joko onartzen dituzte: La flor huele bien / La fleur sent bon; Las abejas huelen la flor / Les abeilles sentent la fleur. Lehenengo adieran, euskaraz, ez da komeni usaindu aditza erabiltzea. *Loreak usaintzen du; Loreak usain ona/ederra du / Loreak usain ona ematen du / Loreari usain ona dario moldeetara jo beharko litzateke, loreak ez baitu usaina hartzeko ahalmenik. Gauza bera esan daiteke *Amoniakoak gaizki usaintzen du eta gisakoez ere. Beste hauek egokiak dira: Txakurra alderatu zitzaion, praka zaharrak usaindu zituen eta atzeko hanka altxatzen hasi zen. Usaintzen dut, arnasan hartzen dudala esango nuke. Bai, lurrin-usaina dario. [EH]
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Usaindu", Ehulkuren aholku guztiak.