Omen eta ei (Bizk.) sinonimoak dira; ez, hala, bide. Ez gara gauza bera esaten ari bi esaldi hauekin: Alkatea Donostian omen/ei da. Alkatea Donostian bide da. Lehen esaldian, omen partikularen bidez, hiztunak adierazten du entzunez —ez ikusiz— jakin duela aditzera ematen duenaren berri. Bigarrenean, berriz, bide partikularen bidez, dirudienez ñabardura ezartzen dio esaten ari denari, hala gertatu delakoan dagoela adieraziz. [EH]
Kasuan-kasuan, hiru partikulak laguntzailearen edo adizki trinkoaren ezkerrean jartzen dira.
ERABILMUGA
• Partikula hauek ezin dira al galdera-markarekin elkartu (*Ba omen al daki?). Bestalde, ba omen, ba ei (berdin, ba ote) moldeak zuzenak badira ere (Ba omen daki!, Ba ei dator), ?ba bidek ez dirudi gramatikala.
• Partikula modal hauek ez dute lekurik edozein perpaus mendekotan; esaldi hau, esaterako, ez da zuzena: *horrela omen eginik. Hala ere, omen (eta ei) erabiltzen da, besteak beste, erlatiboetan, konpletiboetan eta kausaletan: hark esan omen zuenaren arabera...; ...hain bide luzea egiteko berandu omen dela eta; batasun hori lehenean eta alde iraganean idoro behar omen dugunez gero...
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (342-343).
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (485-487, 509-516).
ZUBELDIA, Larraitz (2010). “’Omen’ partikularen azterketa semantikoa eta pragmatikoa” [Doktore-tesia].