nahi izan

nahi izan

Hiztunak nahia, gogoa edo guraria adierazteko erabiltzen dituen ezaugarri morfosintaktiko eta bestelakoen artean, nahi izan —eta gogo izan, gura izan, nahiago izan, gurago izan— aditz modalak dira erabilienetakoak. Euskara batuari begira, 114. arauan dago azaldurik aditz horien erregimenei buruzko Euskaltzaindiaren gomendioa. Baina, erregimenaz gainera, arauak ez jaso arren, aipa daitezke beste zenbait kontu ere tradizioan ondo finkaturik daudenak.

 

ERREGIMENA

- Du laguntzailea gomendatzen da arau orokor modura, laguntzen duen aditza da erakoa izan nahiz du erakoa izan: hurbildu nahi du, erosi nahi du.

- Bi salbuespen onartzen dira:

• Datiboarekin, zaio gisa erabiltzen da: hurbildu nahi natzaio.

• Ipar-ekialdeko euskalkietan, da laguntzailea ere erabiltzen da: joan nahi zara (“Desertiala joan nahi bazira...”, Prima eijerra kantua), zurekin mintzatu nahi naiz.

Arauak berariaz aipatzen ez duen arren, zentzu inpertsonala duenean, da erakoa da jokoa, jakina: Erosi nahi bada. Azkar ekarri nahi dira.

 

ADITZAREN FORMA ETA BESTE

- Partizipioari eransten zaio nahi izan aditza: hurbildu nahi du, erosi nahi du.

- Gertakizun-aspektua markatzeko molde tradiziodun nagusia -ko aspektu-marka aditz modalak berak hartzea izan da: nahiko (nahiz nahi izango ere ageri den tradizioan): hurbildu nahiko du, erosi nahiko du.

- Alegiazkoa bi moldetan eman daiteke (nahiØ/nahiko): hurbildu/erosi nahi balu = nahiko balu. Corpusetako datuek erakusten dute paretsu dabiltzala bi formak: behar luke / beharko luke.

 

KONPLEMENTAZIOA

- Behar izan aditzak bezala, nahi izanek eta haren parekoek —gura izan, nahiago izan, gurago izan— subjektuen erreferentziakidetasuna gorde beharra daukate euskara estandarrean (hizkera batzuetan betetzen ez bada ere). Hau da, ondo bereizi behar dira bi esaldiotan jokoan dauden subjektuak: Nahi nuke... [beste norbait] igotzea, etortzea...Nahi nuke... [neu] igo, etorri... Lehenengo esaldian, aditz bakoitzak bere subjektua du (perpaus nagusikoak berea eta menderatukoak beste bat berea); bigarren esaldian, subjektu bera dute bi aditzek. Diferentzia bera dute hauek ere: Nahiago dut zuk egitea ≠ Nahiago dut neuk egin. Neskak nahiago zuen ni Baionan egotea ≠ Neskak nahiago zuen Baionan egon [bera].

- -(e)N ala -(e)LA? Nahia edo desira adierazten duten aditz gobernatzaileen menderagailu ohikoena, subjuntiboetan, -(e)N da (-(e)LA baino areago; horixe da osagarri arruntena nahi(ago) izan, gura(go) izan, opa izan eta moduko aditz gobernatzaileentzat ere. Adibidez: Neuk ere nahiago dut gezurra izan dadin. Zenbat gura duzu eman diezazudan? ( subjuntiboa: noiz -(e)n, noiz -(e)la)

 

EGITURA MORFOSINTAKTIKOAK

- Nola galderari <ADITZ-PARTIZIPIOA + nahi izanez> erantzuteko, nahian erabiltzen da, ez *nahiean (29. araua) ( diptongoa). Adibidez: Nire lepotik barre egin nahian (*nahiean) dabil.

- Nahian moldearen ezezko esapiderik ezagunena nahi ezta da, baina nahi ezik ere sarri erabili izan da literatura-tradizioan. Etxera joan nahi ezta dago. Umea, aspaldian, jan nahi ezik dabil.

- *nahi ezkero, *nahiez gero ez dira forma zuzenak ( -z gero / ezkero); forma burutua (nahi izan) osorik erabili behar da beti: nahi izanez gero.

- Erlatibozko perpausa tartean denean, neke egiten da konparatiboa (nahiago izan) erabiltzea. Superlatibora (nahien izan) jo behar da horrelakoetan. Zein da nahien(a) duzun jakia? Aukera ezazu nahien/gogokoen/gustukoen (*nahiago) duzun gela / gehien gustatzen zaizun gela. ( gehien ≠ gehiago)

- Nahi izan vs nahiago izan aditzak. Bi aditz dira, eta desberdin jokatzen dute zenbaitetan:

Nahi izan aditzean, objektuak aditz nagusiarekin egiten du komunztadura: Sagarra jan nahi dut / Sagarrak jan nahi ditut.

Nahiago izan aditzean, berriz, mendeko perpaus jokatugabea du osagarri (eta mendeko perpaus horretako aditzarena da objektua, ez aditz nagusiarena): Nahiago dut sagarra jan / Nahiago dut sagarrak jan (*Nahiago ditut sagarrak jan).

Nahi izan aditzean, ezeztapena aditz nagusiarekin doa: Ez dut egin nahi (*Nahi ez dut egin). Ez dago beste hauturik (erdaraz ere ez: fr: ?je veux ne pas travailler; es: ?quiero no trabajar).

Nahiago izan aditzean, berriz, perpaus osagarrian doa, ez nagusian: Nahiago dut ez egin (*Ez dut egin nahiago).

Alderantziz jokatzen dute, beraz, ezeztapenean.

- Perifrasiaren ordenamenduari buruz, nahi izan aditzaz ari garela —ahal izan eta behar izan aditzetan ez bezala—, onargarria da hura aurrera ekartzea (Nahi duzu komunera joan?) nahiz aditzaren ostean uztea (Komunera joan nahi duzu?).

- Nahi izan aditzak —eta baita behar izanek ere—, egitasmoak-eta adieraztean, ohikoa du modu hipotetikoa erabiltzea: ditu ≠ lituzke, zait ≠ litzaidake...

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (nahi izan sarrera).

—(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (444-448).

—(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (137).

—(2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (343-344 eta hur.).

—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (415-417).

— (1994). “Gramatika batzordearen II. Okerrak zuzenduz”, Euskera, 1994, 3: 964-965.

— “Aditzaren jokabidea: nahi izan + behar izan (*ikasi nahi behar duzu)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Modua adieraztea: nahian,  nahi ezta / nahi ezik”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: nahi izan /nahiago izan (indabak jan nahi ditut / nahiago *ditut)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: subjuntiboa (opa diogu zeruan goza dadila / goza dadin)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: ahal izan (joan daiteke / joan ahal da /  ahal da joan)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: nahi izan, behar izan (nahi nuke, nahiko nuke / beharko nuke, behar izango nuke)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Baldintza adieraztea: nahi izanez gero / *nahiez gero, nahi ezkero”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: nahiago izan (nahiago dut ez egin)”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (59, 214-216).

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (64-65).

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (171).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper