Alboko erdarek joera nabarmena dute adierazpide arruntean eman daitekeen esaldi bat (juntaduraz zein alborakuntzaz emanik, alegia) perpaus menderatuaren forman emateko (subordinaziora jotzeko, alegia). Prozedura horri jarraikiz, desbideratze estilistikoz, kalko desegokiak sortzen dira maiz euskaraz, berezko edo oinarrizko adiera aldaraziz esaldiari. Horixe gertatzen da, esaterako, molde honetako esaldiekin:
• bitartean denborazko adberbioarekin: ?Langileen erdiak euskaldunak diren bitartean, beste erdiak, erdaldunak (> Langileen erdiak euskaldunak dira, eta beste erdiak, erdaldunak).
• kausa/denbora ez bereiztearekin
*Bilboko biztanleriak behera egin badu, Gasteizkoak gora (> Bilboko biztanleriak behera egin du, eta Gasteizkoak, berriz, gora).
*Tropeletik ihes egin zuen helmugatik bi kilometrora harrapatua izateko (> Tropeletik ihes egin zuen, eta helmugatik bi kilometrora harrapatu zuten).
*Sopuertan 1.200 lagun argindar barik geratu dira bart, hornidura eguerdirako berrezarri badute ere (> Sopuertan 1.200 lagun argindar barik geratu dira bart; eguerdirako berrezarri dute hornidura).
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza. (83-86).
ZENBAITEN ARTEAN (2009). IVAPeko estilo-liburua. Gasteiz: HAEE-IVAP (142-144).