Zaila da arau zehatzik ematea auzi honetan, baina hiztun askorentzat bi gauza aski desberdinak dira medikuarengana joan eta medikura/medikuarenera joan.
Medikura(t) joan, medikuetara joan esapideak tradiziodunak dira [OEH: medikura(t) joan]. Badirudi mediku generiko bat dagoela sakoneko egituran (ofizioa > lekua), eta bizigabe gisa normal erabiltzen da: medikura(t) joan, medikutan ibili/izan, medikutik medikura ibili, mediku(e)tara joan...
Ez dago esan beharrik, hala ere, medikuarengana joan (‘mediku jakin batengana’ joan) eredua ere egokia dela guztiz.