Erabilgarria da ‘santu baten edo gehiagoren bizitzaren kontaketa’ adieran, nahiz hagiografia hitza zehatzagoa den. Erdaraz (es) ‘leyenda’ / (fr) ‘légende’ hitzak dituen beste adieretarako, honako aukera hauen alde egiten du Euskaltzaindiaren Hiztegiak hurrenez hurren:
• kondaira: ‘historia’ eta ‘istorio’ adiera duenean; adibidez, Eguberriko kondaira
• elezahar: ‘kontakizun alegiazkoa’ adieran; adibidez, Euskal Herriko elezaharrak
• idazkun: ‘inskripzio’ adieran; adibidez, Hemengo idazkunetan erromatar jainkoak inoiz aipatzen dira.
Legenda erabilgarria da, orobat, diagrama, irudi eta kidekoen datuak eta ikurrak azaltzeko eta identifikatzeko jartzen den testu laburra aipatzeko. Adibidez: Mapa bat erabiltzen dugunean, legendan zerrendatzen direnekin alderatu behar ditugu beti ikurrak. Gako eta legendek ordezkatzen dute jatorrizko testua. Adiera horretan, idazkun hitzaren baliokide ere bada. [EH]
KALKOA. Gaur egun asko erabiltzen den erdal esapide bat —“ser una leyenda / être une légende”— euskaraz adierazteko, klasiko, mito, izen handi erako hitzak erabil daitezke: ?Zinemaren historian legenda bat da John Ford (> Zinemaren historian klasikoa da John Ford).
AHOSKERA. Euskaltzaindiaren Hiztegiak euskal hiztzat hartzen duenez, [g] balioan ahoskatu behar da. [87. araua]