Aldiz, Euskaltzaindiaren Hiztegian, honako adiera hauekin jaso da bailara sarrera:
- iz. gip. Nolabaiteko batasuna osatzen duen lurralde edo etxe multzoa.
- iz. gip. Auzoa; auzo edo baserriren bat dagoen ibar txikia.
Bi adiera horiek gipuzkeraren marka dute hiztegi arauemailean. Gainera, Euskaltzaindiak ohar bat gehitu dio sarrera horri, gogoraraziz ibar eta haran historikoak izendatzeko bailara ez erabiltzea gomendatzen duela.
Horrela, baztertzekoak dira «Nilo ibaiaren *bailara» bezalako moldeak.
Adibide gisa, Euskaltzaindiak araututako leku-izenen artean, ibar eta haran hitzekin osatutako forma hauek daude, beste batzuen artean: Jerte Ibarra, Karrantza Harana, Anso Ibarra, Erregeen harana, Jordanen Mendebaldeko Ibarra…
Toponimiaz harago, negarrezko haran (ez negarrezko *bailara) esamoldea jaso da hiztegian ‘kristau erlijioan, bizi garen mundua adierazteko eta bereziki munduko nekeak azpimarratzeko erabiltzen den esapidea’ adierarekin.