Pantxoa Etchegoin euskaltzain urgazleak lagunduta, Piarres Larzabal idazlearen bizitza aztertu zuten Ixabel Etxeberria ikerlariak eta Jon Casenave euskaltzain urgazleak. Haren bizipenak gogoratu zituzten, euskal antzerkigintzan utziriko arrasto sakonarekin batera.
Ekitaldian bertan, euskara eta euskal kulturaren aldeko adierazpen sutsuak egin zituen Jean Louis Fournier Azkaineko auzapezak eta, horrez gain, Larzabalen senideek haren bizitzako anekdota bitxi batzuk kontatu zituzten, jendearen gozamenerako.
Piarres Larzabalen lanak
2016an, Euskaltzaindiak Piarres Larzabalen antzerkigintzari buruzko ikerlan mardula argitaratu zuen, Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean. Bertan, Ixabel Etxeberria ikerlariak tentuz aztertzen du Larzabalen antzerki-lana; horrez gain, argitaratu gabeko antzezlan bat ere gordetzen du liburuak. "Berea antzerki identitarioa izan zen: herritik sortua, herritarrek egina, herritarren gozamenerako", aitortu zuen orduan Ixabel Etxeberriak.
Liburua hemen eskura daiteke (PDFa jaisteko aukera ere badago): https://labur.eus/n7Mj5