Iazko udaberrian, Jean Elissalde Zerbitzari idazleari eskaini omenaldiaren arrakasta ikusirik, antzeko ekitaldia antolatu du Akademiak ostiral honetarako, apirilaren 19an. Gaualdi horretan, Piarres Larzabal Azkaineko idazle, apez eta euskaltzain izanaren obraz, biziaz eta herriko antzerkigintzan utzi duen ondareaz arituko dira Ixabel Etxeberria eta Jon Casenave. Pantxoa Etxegoin aurkezle-lanetan ariko da eta bideo bidezko lekukotasunak eskainiko ditu gaualdian zehar (hots, Larzabal ezagutu zuen Daniel Landarten lekukotasuna eta Larzabalen artxiboko irudiak); antzezlanen irakurraldiak ere ez dira faltako Azkaineko Biltokin emanen den mintzaldian (dohainik).
Piarres LARZABAL (1915-1988): idazle emankorra
"Piarres Larzabal Azkainen sortu zen, 1915eko maiatzaren 7an. Apaizteko ikasketak Uztaritzeko Seminario ttikian eta Baionako Seminario handian egin zituen. Soldadugoa Parisen egin zuen, bi urtez, eta han erizain titulua erdietsi zuen eta teatro talde batean aritu zen. 1939an apaiztu zen Hazparnen eta urte berean hasi zen Bigarren Mundu Gerla; berehala, soldadu-erizain gisa altxatu zuten. Gerla ondoan, bi sail akuilatu zituen bereziki: antzerkigintza eta langile gazte giristinoen formakuntza.1960eko hamarkadan, sekula baino gehiago, abertzaletasunaren alde agertu zen. Enbata kazetaren eta mugimenduaren sortzaileen artean izan zen. Euskal iheslariak gero eta gehiago izanik, 1969an, Anai-Artea antolatu zuen Telesforo Monzon eta Angel Arregi adiskideekin.
Antzerkigintzari doakionez, Larzabalek hemeretzi urte zituela idatzi zuen bere lehen komedia, 1934ean. Irri eta nigar izenburua jarri zion. Profezia bat izan zen. Gerora idatzitako lan guzietan, hain zuzen, irria eta negarra, neurri batean, nahasian erabili zituelako. Zenbat lan idatzi zuen Larzabalek? Ehun antzezlan baino gehiago, haren esanetan. Ez da kopuru makala! Hainbeste lan mota desberdin erabilirik, hainbeste kezka eta buru-hauste jasanik eta guztiak ere gainditurik, Zokoako apeza eritu zen eta azken urteak frango hits iragan zituen, ezer idatzi gabe. Hala ere, arrunt eritu aitzin, balentriaño bat asmatu zuen, teatro aire bat zeukana…
Bere ehorzketako predikuaren hitzak berak izkiriatzea! Halakorik pentsatu behar zen… Eta horrek ere tirabirak sortu! Bikario nagusiak ez baitzuen horrelakorik onartu nahi. Dena dela, Larzabalen adiskide mina zen Roger Idiart azkaindar apezak irakurri zuen. Bere Oroitzapenak liburuan, hauxe idatzi zuen Larzabalek: «Askoren ustetan, ni antzerkigile komedialari bat naiz, oroz-gainetik. Gutik duke pentsatzen otoizlari bat izan naitekeela. Bizkitartean anitz aldiz, gauaz eta egunaz, Jainkoarekin eta haren sainduekin kurutzatzen naiz eta luzaz goxatzen… ». Piarres Larzabal 1988ko urtarrilaren 12an hil zen."
Daniel LANDART
(Idazle, antzerkigile eta ohorezko euskaltzaina)