2018an, euskara batuaren 50. urteurrena zela-eta egin zen Arantzazuko Biltzarra, eta han iragarri zuen Akademiak hurrengo urteetan ortotipografiari helduko ziola, besteak beste. Hala, 2021eko irailean abiatu zen Euskara Batuaren Ortotipografia egitasmoa eta abiada betean garatuz joan da geroztik Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) batzordearen ardurapean.
Egitasmoaren diseinua amaituta, txostenak egin, eztabaidatu eta proposamenak bidali dizkio EBE batzordeak Osoko Bilkurari. Han aztertu, oharrak egin, eztabaidatu eta, azkenik, behin betiko bertsioak onartu ditu ―onartzen ari da― Osoko Bilkurak. Prozesu hori gauzatuz doa, eta lehen emaitzak orain plazaratu dira. Hurrengo hilabeteetan, osatu eta eztabaidatu eta onartu ahala, gehiago plazaratuko dira.
Sei atal nagusi hauek izango ditu EBOk:
- Laburtzapenak: laburdurak eta siglak
- Sinboloak
- Letra larriak eta xeheak
- Puntuazioa
- Zenbakizko adierazpenak
- Beste hizkuntzetako izen berezien ortografia
Oraingoan, lehen bi atalei dagozkien bi arauak argitaratu dira:
196. araua: EBO (I). Laburtzapenak: laburdurak eta siglak
197. araua: EBO (II). Sinboloak
Arauotan, gai bakoitzaren deskribapen xehea egiten da, eta kasu bakoitzerako proposatzen diren irizpideak eta gomendioak zehazten. Adibidez josita daude azalpenak, lana ez baita teorikoa, erabat praktikoa baizik: kontsulta-material xehea eskaintzen zaie erabiltzaileei, beren zalantzak non argitu izan dezaten, zer den egokia eta zer den desegokia behin eta berriro erakutsiz.
Laburduren azpiatalean, deskribapenaz gainera, laburduren hiztegi bat ere erantsi da.
Siglen azpiatalean zehatz-mehatz deskribatzen da, besteak beste, nola jokatu behar den sigla bakoitzarekin kasu-marka jartzeko orduan, kontuan izanik nola irakurtzen den sigla eta siglaren erreferentea zer den.
Sinboloen atalean, azkenik, sinboloekin nola jokatu behar den, sinbolo nagusiak zein diren eta sinboloak idaztean egin ohi diren huts nagusiak ere zehaztuta daude.