Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak beste lan bat kaleratu dute elkarlanean, hain zuzen ere, Iker bildumako 48. alea: Ignazio Bergara goizuetarraren gutunak. Arranbide (Arano) eta Elama (Artikutza). 1787-1811. Edizioa eta Hizkuntza Azterketa. Liburu honek Ignazio Bergara (Arano) eta Jose Ramon Minondo (Oiartzun) olagizonen arteko izkribuen arteko konparaketa egiten du, bai bat datozen ezaugarrietan, bai desberdin jokatzen dutenetan, hala nola kasuetan, aditzetan, joskeran, hitz hurrenkeran eta, bereziki, lexikoari dagokion “I.B. eta J.R.M.ren hiztegien alderaketa” izeneko atalean, non modu praktikoan azaltzen dituzten berdintasunak eta ezberdintasunak.
Iker bildumako 48. alean, Edizioa izenekoan, izkribuetan aurkitu dituzten alderdi guziak izan dituzte aztergai, hala nola I. Bergararen idazteko modua, hizkiak, hitz elkartu eta bereziak, puntuazioa, laburdurak eta abar. Baina egungo irakurlea kontuan hartuz, testu horien transkripzioa, salbuespenak salbuespen eta zailtasunak zailtasun, egungo grafiara egokitzen saiatu dira. Dena den, originalak bere horretan irakurtzeko aukera ere izango du irakurleak, USB txartel baten bidez.
Hizkuntza azterketa izeneko bigarren liburukian 2021eko argitalpenaren egitura jarraitu dute, baina oraingo hau aberatsagoa da gehitu dituzten zenbait berezitasuni esker. Horietako bat da Ignazio Bergara (Arano) eta eta Jose Ramon Minondo (Oiartzun) olagizonen arteko izkribuen arteko konparaketa egiten dutela, bai bat datozen ezaugarrietan, bai desberdin jokatzen dutenetan, hala nola kasuetan, aditzetan, joskeran, hitz hurrenkeran eta, bereziki, lexikoari dagokion “I.B. eta J.R.M.ren hiztegien alderaketa” izeneko atalean, non modu praktikoan azaltzen dituzten berdintasunak eta ezberdintasunak.
Aipagarria da, halaber, Euskara-gaztelania ukipenaren eraginak izeneko atala. Gutun anitz elebidunak direnez gero, aztertzaileei aproposa iruditu zaie bi hizkuntza horien ukipenak egituran eta aldaketan izan dezakeen eragina (hala maileguetan nola bertzelako alderdietan) ikertzeko ematen duen aukera aprobetxatzea. Interesgarriak dira baita ere hiztegia eta onomastika aztertzen dituzten atalak. Hiztegiaren atala luzea da eta kontuan hartzekoa, gutxi ezagutzen den burdinolen inguruko lexikoaren erakusleiho aparta baita. Onomastikari eskainitako atalean ere interes handiko lekukotasunak ageri dira.
Egileak
PATXI SALABERRI ZARATIEGI (Uxue, 1959). Filologia Hispanikoan lizentziatu zen lehenik (UN, 1982) eta Euskal Filologian gero (EHU, 1986) eta bertan egin zuen doktore tesia. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1996an eta euskaltzain oso 2005ean, eta Onomastika batzordeko buru izan zen bost urtez. Ikerketa gehiena onomastikaren gainean egin du, eta hein txikiagoan dialektologiaren (batez ere dialektologia historikoaren), testu zaharren eta hizkuntzaren historiaren gainean.
Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko zuzendari eta zuzendariordea izan da, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko idazkaria eta Errektoreari Atxikia hizkuntza plangintzarako. Hamahiru urtez Nafarroako Gobernuaren FLV aldizkariaren zuzendari izan da, pare bat aldiz Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide eta luzaz NUPeko Hizkuntza Plangintza batzordeko kide. NUPeko «Nafarroako Ondare Materiagabea» katedraren zuzendari ere izan da, bi urtez.
JUAN JOSE ZUBIRI LUXANBIO (Donostia, 1961) Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean (Donostiako EUTG-ESTE, 1984) eta doktore tesia Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen. Ama-hizkuntzaren jabekuntzari buruzko ikerketa lerroaz landa, dialektologia arloko datuak bildu, deskribatu eta jorratzen ere aritu da, bereziki Goizueta-Arano herrietakoak, eta honen fruitu dira, besteak beste, Goizueta eta Aranoko hizkerak (1998), Biraoak. Nafarroan bilduak (2007) eta Goizuetako etxeen izenak liburuak (2011). Urte luzez irakaskuntzan aritua da, lehenik Zaragozako Unibertsitateko Nafarroako Irakasle Eskolan, eta gero Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hemen Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika saileko idazkari eta zuzendari izan da. Gaur egun, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanordea da. Bestalde, euskaltzain urgazlea da 2006az geroztik.
IKER SALABERRI IZKO (Iruñea, 1989). Ingeles Filologian lizentziatu zen eta Aleman Filologian graduatu, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hizkuntzalaritzan doktorea, saxoiera zaharraren sintaxiaren inguruko tesia defendatu zuen EHUn. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailean irakasle aritu ondoren, 2021etik Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko kidea da. Hainbat lan argitaratu ditu Euskal Herriko eta atzerriko aldizkarietan, bereziki tipologia linguistikoaren, hizkuntza aldaketaren, morfosintaxiaren eta onomastikaren inguruan, euskarari zein munduko mintzairei begira. 2019tik Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen Elkartean parte hartzen du.