Gaur estreinatu da Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboen Baionako gunean, Hitzak Lege, garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak, arlo pribatukoak zein publikokoak, agertzen dituen erakusketa ibiltaria. Bertan egonen da 2024ko otsailaren 9ra arte (astelehenetik ostiralera, 9:00>12:00 - 13:30>17:00). Euskal hiztunek harreman juridikoetan euskara erabili dutela eta erabiltzen dutela azaleraztea da erakusketaren helburu nagusia. Horretarako, 25 panelez (dokumentuen informazioarekin, lau hizkuntzatan); 3 panel elkarreragilez, 3 panel argiztatuz eta 2 mahaitxoz (jatorrizko dokumentuak erakusteko) horniturik dago erakusketa. Euskararen lurraldeetan euskara eremu juridikoetan erabili izan denaren adibide dira erakusketa honetan barruratutako dokumentuak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileetan, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Akitania Berrian gordetzen diren euskarazko testu juridiko adierazgarrienak modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan antolatu ditu Hitzak Lege prestatu duen Gotzon Lobera legegile eta euskaltzain urgazleak.
Estreinaldian egon dira Battittu Coyos euskaltzainburuordea, Jacques Pons Departamenduko Artxiboetako zuzendaria, Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria, Nicole Darrasse Departamenduko kontseilaria eta Yves Ugalde Baionako udaleko Kultura hautetsia. Gotzon Loberak, euskaltzain urgazle eta Hitzak Lege erakusketaren paratzaileak, bisita gidatua eskaini die bertaratu diren guztiei.
Erakusketa honetako testu bitxi batzuk:
- Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute.
- 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago.
- 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri horretan, Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
- 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen.
- 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten.
- 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen.
- 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
- 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948.
- Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.
Hitzak Lege erakusketa Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboen Baionako gunean (39, Duvergier de Hauranne etorbidea) zabalik egonen da 2024ko urtarrilaren 9tik otsailaren 9ra (astelehenetik ostiralera, 9:00>12:00 - 13:30>17:00 (sarrera librea eta doakoa da).