Euskaltzaindiak, ezustez beteriko liburu mardul eta interesgarri bat aurkeztu du gaur Landakon, hots, Lizardiren poesiaren bilduma berria. Agerpenean izan dira Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkaria, Bakartxo Urruzola hizkuntzalaria eta Karlos Otegi liburuaren paratzailea.
Bildumak orain arte publikatu izan diren poema guztiak biltzen ditu, eta, horrez gain, berriki berreskuratu diren beste bi olerki: Habiatxo eta Goiz-ibiltze. Gainera, Karlos Otegik idatzizko euskara batuaren eredura hurbildu ditu poema guztiak, euskara batuan ohitu eta trebatu den irakurleari Lizardiren olerkiak bertsio gertuagoan eskainiz. Otegiren iritziz, olerki hauek euskara batura ekartzea ez da Lizardirekiko desleialkeria, “aitzitik, euskara batuan jartzen saiatzea bat dator Lizardik berak hizkuntzaz zuen jarrerarekin”.
Berreskuratu diren bi poemak
Edizio honetarako berreskuratu diren bi poemak Lizardiren familiak gordetzen zituen. Hain zuzen, Iñigo Agirre Lizardiren bilobak ekarri ditu eskuizkribuak gaurko prentsaurrekora, aditu eta kazetarien ikusmina piztuz.
Eskuizkribuetan Kabitxu. Olerki honen bi eskuizkribu gorde dira: bata, olerkariaren zuzenketez eta oharrez moldatua; bestea, garbira ipinia. Lehenengo eskuizkribuan ageri den data (1917-09-7/8a) kontuan izanik, Zelai urdina (1917-07-01) konposizioaren ondoren jarri da antologia berrian. Hona hemen poema luzearen lagin bat, hain zuzen, lehen atala:
Habiatxo
I
Oihanean Udaberria
Oi, zu zaren zoragarria, Udaberri hori,
hosto berriz jantziriko zuhaizti-gerrion!…
Eguzki itzul berriaren musuaz dirudi
oihana, atsegin-ikaraz, barrez ote dagon…
Beroni daragiozun abarrots biguna
eresintsua da, hotsa ia-ia be izan ezik…
Egunez, izarrak ager baleude bezala,
oskarbia dakust, orridiak xehaturik…
Ta, aintzira balitz lez zuhaizpeko loredia,
argi-jarioak, eguzki-hauts urretsuaz,
sorturiko begi zoli geldiezinakaz
antzartuta, berton dabil izarron islea…
Ta, hau gutxi balitz lez inori zorarazteko,
horra zelan ingumatxo zuri bat datorren,
niganantz, lorerik lore, emeki ta astiro,
oroi laztana gogora ohi den bezalaxen…
Zu zaren, bai, maitagarria, Udaberri hori!…
Zuhaizti-gerrian, egun-distiraz jantzita,
jostatzen bila zaitudan neska geltsu hori…
nork, egokiz, esan zu zaren zoragarria?…
Eskuizkribuan ibilde, hots, “ibilte”. “Goiz-ibiltze”, idazkerari dagokionez, Euzko-Deya-n 1917-1920 bitartean argitaratutako olerkien tankerakoa da. Eskuizkribuan datarik agertzen ez denez, eta maitasunaren gaiaz zipriztindua dagoenez, edizio berriko lehenengo multzoan maitasunaren gaia ukitzen dutenetako azken olerkiaren (“Ihesi…”) ondoren kokatu da.
Goiz-ibiltze(1)
Eguzki izpi bat
begitan*… Aupa!
Egun aiskide(2)*,
banoa.
Ai, nire esnatze
zoragarria,
Maite oroiaz
batean!…
Lehen gaua nuen
aiskide: loak
ahaztu arazten*
baitzidan…
Gaur maite zaitut,
Egun: eguzkiz
beterik baitut
bihotza…
Ai, gauz* guztien
ongietorri*,
musu bat bezain
gozoa!…
Ai, zein alaiki
darraiket(3)* orain,
zurekin(4), nire
bidea!…
Beste argitalpen batzuk
Inprentatik atera berri diren beste liburu batzuk ere badira Euskaltzaindiaren Azokako erakusmahaian. Besteak beste, oraintsu Baionan aurkeztutako Margarita Nafarroako erregina (1492-1549). Antzezlanak eta gutunak (Ixabel Etxeberriak paratua), Bonifacio Echegaray, promotor y defensor del euskera (Lázaro Echegaray eta Koldo Somokuetok paratua), Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak (2022ko Jagon jardunaldiaren emaitza), Ignazio Bergara goizuetarraren gutunak Arranbide (Arano) eta Elama (Artikutza). 1787-1811 (Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri eta Iker Salaberriren ikerlana), eta, nola ez, Euskara Batuaren Eskuliburuaren 5. edizioa.