Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) da, eta argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria. Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.
Zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.
Javier Arakama Urtiaga, Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea: “Ikerketen ondoriozko jakintza zabaltzea oinarri duten egitasmoek lekua izaten dute Nafarroako Gobernuak urtero Euskaltzaindiarekin sinatu ohi duen hitzarmenean, eta horrela jarraitu nahiko genuke.”
Maitane Bueno Zabalza, Laboral kutxako eskualdeko zuzendaria: “Urtetako lankidetza harremana izan dugu Euskaltzaindiarekin eta gure hizkuntzaren alde egiten jarraitu nahiko genuke, ez gure ondarea babesteko bakarrik, gure sustraitzea eta kohesioa bultzatzeko ere bai."
Uscaldunac garen ezquero
Uscaldunac garen ezquero esaldia Berako udal artxiboan dago eta 1822ko dokumentu bati ematen dio hasiera. 2019an Mikel Taberna Iratzoki beratarrak Ekaitz Santaziliarekin batera eskuizkribu horri buruzko ikerketa egin eta, ordutik, urtero kultur ekimen bat antolatzen da udalerrian. Berako etxe-izenak, bertsolaritza eta musika ekitaldiak izan dira, besteak beste. Aurten Euskararen hiru titiak eta bertze istorio miresgarri batzuk emanaldia izanen da abenduaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan, Kultur Etxean.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa oinarri
Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria, EHHA egitasmoko zuzendariak honakoa nabarmendu du bere hitza hartzean “80. hamarkadan hizkuntza atlasa lantzen hasi ginenean euskal hiztunek altxor hori eman ziguten eta Euskaltzaindiak, orain, gizarteari itzuli nahiko lioke, hori da, besteak beste, erakusketaren helburua.”
Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara ibiltariaren helburua ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aldakortasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratutakoa eta dagoeneko hamaika liburuki dituena. Proiektua XX. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zuten ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroa Garaian 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12), 319 berriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 artean, 5.000 ordutik gora elkarrizketaren bidez grabatzeko.