Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak R. Mª Azkue Literatura Sarien deialdi berri bat zabaldu dute. Sari hauen xedea idazle gazteak literatura mundura erakartzea da, eta, jakina denez, bi genero saritzen dira: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila: 2010, 2011, 2012 eta 2013an jaioak; eta B maila: 2006, 2007, 2008 eta 2009an jaioak.
Sari hauetara euskaraz idatziriko narrazio zein olerki-lanak aurkez daitezke, egilearen bizilekua edo nazionalitatea edozein izanik. Hori bai, lanak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan behar dira; ez dira onartuko beste lanen itzulpenak edo moldaketak. Lanak makinaz alde batetik idatzirik aurkeztuko dira, folio edo A4 neurriko orrietan, eta hiru kopia bidali beharko dira Akademiak Bilbon duen egoitza nagusira (Plaza Barria, 15 - Bilbo, Bizkaia / 48005).
180 eta 300 euro bitarteko sariak
Hortaz, zabalik dago 2023ko R. M. Azkue Literatura Sarietara lanak bidaltzeko epea: 2024ko otsailaren 29an amaituko da, eta epaimahaikoen erabakiak 2024ko apirilaren 30a baino lehen iragarriko dira. Aurten ere 180 eta 300 euro bitarteko sariak emango dira, narrazioan zein olerkian, eta parte-hartzea bultzatu guran, 500 euroko saria emango zaio lehiaketara ikasle gehien aurkezten duen ikastetxeari.