Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Andres Alberdi hizkuntzalari getariarra. Orain, Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Larunbatean izango da ekitaldia, Getariako udaletxean.
Herriko Salbatore abesbatzak irekiko du ekitaldia, 12:00etan. Euskal Herriko semeak gara abestuko dute (Txanton Piperri euskarazko lehen operako kanta da, 1899koa, Toribio Altzagaren letrarekin), eta, ondoren, Getariako ereserkia. Atariko saioaren ostean, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian, Andres Alberdik Arauen itsasoan barna. Araua al da dena? izenburua duen sarrera-hitzaldia irakurriko du. Arauekin izan duen bizipen pertsonalez eta harremanez ariko da lehen partean. Bigarrenean, araugai berri batzuen demandan ariko da, eta eskari edo aldarrikapenarekin batera, hausnargai, euskararen eta arauen gaineko kezka eta gogoeta batzuk aletuko ditu. Ondoren, Mikel Zalbide euskaltzain osoak erantzungo dio.
Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egingo du (“Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure hitza ematen dut”) eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.
Andres Alberdiren profil laburra
Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria,1950). Filosofian lizentziaduna. Irakaskuntzan aritua 38 urtean. Lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; ondoren, Elgoibarko Institutuan, eta bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.
Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritua.
2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da. 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018an. Euskara Batuaren Eskuliburuaz gain, bestelako lan batzuk ere ondu ditu Alberdik. Tartean, Bidegileak bildumako bi kaiera (Manuel Larramendi eta Agustin P. Iturriagaren jardun eta bizitzari eskainitakoak), Oinarrizko gramatika (2008, Donostia: Elkar) eta Ahoskera (2014, Gasteiz: EIMA. Eusko Jaurlaritza).