195. araua argitaratu du Euskaltzaindiak (Artelanen izenak. Musika. Musikako artelanak izendatzeko irizpideak).
Munduko artelanak euskaraz izendatzeko arauetako laugarrena plazaratu da, artelanen arloko azkena. Haren aurretik, hiru hauek argitaratu dira: Artelanen izenak. Historiaurreko eta Antzinaroko artelanen izenak (191. araua, 2019an), Artelanen izenak. Arkitektura (193. araua, 2021ean) eta Artelanen izenak. Pintura, argazkigintza eta eskultura (194. araua, 2021ean).
Arauaren lehen partean, musikako era guztietako konposizioen izenak idazteko irizpideak zehazten dira: zer idazten den letra larriz eta zer ez, noiz erabili behar den letra etzana eta noiz komatxoak, noiz itzultzen diren musika-lan klasikoen izenburuak eta noiz erabiltzen den jatorrizko izena; musika-generoak (fuga, suitea, kontzertua, sonata…), tonalitatea (mi minor, re maior…), opus-zenbakia…
Horretaz gainera, operak, balletak eta zarzuelak euskaraz izendatzean zer hartu behar den kontuan zehazten da, nazioarteko joerak kontuan izanik, adibide ugariz azalduta.
Arauaren bigarren partean, musikako 75 artelan ezagun zerrendatzen dira (euskarazko izena, jatorrizko izena eta egilearen izena): balletak (Beltxargen aintzira, Intxaur‑hauskailua…), operak (Figaroren ezteiak, Cavalleria rusticana, Bizarrurdinen gaztelua, Nabucco…) eta musika klasikoaren obrak (Vivaldiren Lau urtaroak; Dvořáken Mundu berriko sinfonia; Bachen Kontzertu italiarra, BWV971; Haydnen Sinfonia kontzertantea si bemol maiorrean…).