Euskaltzaindiak eta Iruñeko Udalak 2023ko lankidetza hitzarmena berritu dute gaur goizean. Ohi bezala, hitzarmenak aurtengo jarduerak hartzen ditu, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte. Ekitaldian, Iruñeko alkateak, Cristina Ibarrolak, Pertsonen Kudeaketako zinegotzi eskuordeak, María Echavarrik, Andres Urrutia, euskaltzainburuak eta Nafarroako ordezkariak, Sagrario Aleman eta Andres Iñigo euskaltzainek hartu dute parte.
Hitzarmen honi esker Euskaltzaindiak Iruñeko Udalak euskarari buruzko hizkuntza gaietan eskatzen dizkion aholkularitza lanak egingo ditu. Gainera, hizkuntza arloko informazio eta aholkularitza zerbitzuak emanen dizkie herritarrei, baita txostenak eta ziurtagiriak ere, bai bulego orokorretan bai eta Iruñean dagoen Nafarroako ordezkaritzan ere. Euskaltzaindiak kultur hedapenerako jarduerak, ikastaroak edo hitzaldiak bultzatuko ditu, kasuan kasuko entitateekin elkarlanean. Azkenik, Iruñeko Udalaren liburutegi publikoetarako eta Udaleko Euskara Zerbitzurako sustatzen dituen argitalpen, aldizkari eta argitalpenen hamaika ale emango dizkio Euskaltzaindiak Iruñeko Udalari.
Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofiziala da euskarari aplikatu beharreko hizkuntza-arauak ezartzeko. Erakundeak konpromisoa hartzen du diru-laguntza hitzarmena betetzeko eta harekin lortu nahi diren helburuak lortzeko erabiliko duela, eta, bereziki, Euskaltzaindiak Iruñean duen ordezkaritzari eusteko eta Iruñetik herritarrei eskaintzen dizkien hizkuntza-aholkularitzako zerbitzuak emateko.