Euskaltzaindiak bi hitzaldi mamitsu antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, eta kontu immaterialak izango dira mintzagai berbaldi bietan, ekimen zabal honen aurtengo leloari jarraituz: Ondare Immaterialaren esparruak.
Zaila da immateriala zer den deskribatzea, baina denok dakigu, intuizioz, zer den funtsean. Ondoko asteetan, bi adibide aurkeztuko dira Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria 15), beste horrenbeste hitzalditan: batetik, ahoz aho transmititu diren bertso eta kantuak jorratuko ditu Jabier Kaltzakorta ikertzaile eta euskaltzain osoak bere berbaldian, hain zuzen, Amerikari buruzkoak edo Ameriketan euskaraz konposatuak (Ameriketako bertsoak aztertzen: Montevideoko joerak); bestetik, euskal idazle bizkaitar batzuen lana jorratuko du Kepa Altonaga idazle eta euskaltzain urgazleak Euskal idazleak 1914an: Zornotzako bazkaltiarrak berbaldian.
Ondarearen Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen ekimenez egiten dira, eta Europan parte-hartzaile gehien dituzten kultur ekitaldiak dira. Euskadin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek sustatzen dituzte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza dute.