Mixel Oronoz Baigorrin (Nafarroa Beherea) jaio zen 1935eko agorrilaren 23an. Teologia (Louvain) eta Literaturako (Paris VII – Jussieu) lizentziaduna zen eta Euskal Ikasketetako doktore Bordeleko Montaigne Unibertsitatean
Oronoz idazle, irakasle eta apaiza izan zen, eta ororen gainetik euskaltzale sutsua, euskararen zein euskal kulturaren aldeko hainbat egitura eta gertakarietan inplikazio handia erakutsiz. Horrela, Euskal Konfederazioaren buru izan zen, Euskal Kultur Erakundearen hastapeneko kide, Pizkundea mugimenduko ordezkari eta abar.
Hainbat liburu ere idatzi zituen baigorriarrak, zeinetan erlijioa eta euskal kultura jorratu zituen, hein handi batean.
Zenbait argitalpen:
- La noce basque I-II-III (1996-1999)
- Oilandoiko ermita (2001)
- Le mouvement culturel basque : 1951-2001 I-II-III [elkarlanean] (2002-2008)
Pantxoa Etchegoin euskaltzain urgazleak Mixel Oronozen euskalgintzako egitura anitzetan egindako lan handia nabarmendu du: "Ekimen berrien bultzatzaile nekaezina izan zen, Euskal Kultur Erakundea sortu zen garaian, adibidez. Baina hitz egiteko molde goxoaz harago, bere ideiak eta desadostasunak adierazteko ausardia erakusten ere bazekien Mixelek, bereziki, Elizaren zenbait ordezkarirekin eduki zituen desadostasunak aipatzerakoan. Beti laguntzeko prest eta jakinduria besteei transmititzeko gogoz zegoen euskaltzalea edukiko dut gogoan".