Euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzea da Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak gaur goizean sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren xedea; Euskaltzaindiaren egoitzan izan da sinatzeko ekitaldia, Bizkaiko hiriburuko Plaza Barrian.
Urtero, Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen hau sinatzen dute, Bilbon euskararen garapenaren eta sozializazioaren alde elkarrekin lan egiteko duten konpromisoa jasotzen eta formalizatzen duena.
Agiriak hainbat ekimen ezartzen ditu, hala nola hizkuntzaren arloko aholkularitza, hitzaldiak antolatzea eta hizkuntza biziberritzeko eta euskal kulturaren zabalkundea eragiteko jardunaldiak eta kultur jarduerak antolatzea. Aurtengo ekintzen artean, nabarmentzekoa da LAUTAN HIRU euskarazko antzerki-jaialdiari emandako bultzada.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak bi hamarkada baino gehiago daramatzate elkarrekin lanean, hain zuzen, hirian euskararen erabilera normalizatzen eta areagotzen.