Etxarri Aranazko ikastolako ikasleekin topaketa eta herritarrendako jarduera osagarria prestatu ditu Euskaltzaindiak, Nafarroa Oinez egitasmoarekin elkarlanean
- Heldu den urriaren 8an Etxarri Aranatzen izanen den Nafarroako ikastolen aldeko jaiarekin bat egin du Euskaltzaindiak eta, ostiral honetan, irailak 22, Andra Mari Ikastolara eginen du bisita, bertako ikastola eta ikasleak ezagutzeko asmoz.
Goizean Arruazuko udaletxera iritsiko dira euskaltzainak eta, Zuzendaritzak lan saioa egin ondoren, Andra Mari Ikastolak bere gain hartzen dituen hamaika herrietako udal ordezkariek hartuko dituzte akademikoak. Ondoren, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin batera, ikastolara hurbilduko dira ikasleei Akademiaren historia eta jarduna sakonago azaltzeko.
Arratsaldean herritar guztiendako solasaldia antolatu dute Sakanako Mankomunitatearekin elkarlanean: “Istorio bat opari” - Nola aukeratu irakurgai on bat? Dorleta Kortazarrek emanen du. Haur eta Lehen Hezkuntzako hezitzaileak, gurasoak eta interesa duen edonor hurbildu daiteke 17:00etan Etxarri Aranazko Kultur Etxera.
Idatzi iruzkina