Gaur, Euskaltzaindiaren egoitzan egin den Osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen, Asun Garikano idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlearena. Gogoratu behar da Patxi Goenaga emeritu izatera igaro zela maiatzaren 5ean, 75 urte bete baitzituen egun horretan hizkuntzalari azpeitiarrak, eta maiatzaren 26an, Baionan egin zen Osoko bilkuran, zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea.
Horretara, Akademiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, irailaren 29ko Osoko bilkuran egingo den bozketan jakingo da Patxi Goenagaren lekua Asun Garikanok hartuko duenetz.
Hona hemen hautagaiaren profil laburra:
Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962). Euskal Filologian lizentziatua. Gasteizko IRALEko irakasle eta EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak 2023an abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen du Akademiaren Arabako ordezkaritzan. Hezkuntza-komunitateari zuzendutako egitasmo horrek curriculumaren euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuak eskainiko ditu, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea.