Non kokatu behar dugu argitalpen berria?
MIKEL ZALBIDE / LIONEL JOLY: Soziolinguistikaren esparruetan, iragana ezagutu behar da jakiteko nondik gatozen eta, beraz, gaur egun zer garen, eta neurri handi batean nora goazen. Etorkizunean begiz jota ditugun helburuei heltzeko, plangintza egin behar izaten da eta plangintza hori egiteko, iraganeko bilakaerek, eraginkorrak izan diren faktoreak, kausa-efektuko harremanak eta abar ezagutzea ezinbestekoa da.
Iragana aztertuz eta bilakaerak aztertuz ikusiko ditugu zeintzuk diren bilakaera soziolinguistikoan ondorio handienak sortzen dituzten ezaugarriak. Eta iraganeko egoera eta gaur arteko bilakaera soziolinguistikoa ezagutzea etorkizuneko plangintza zehazteko ezinbesteko tresna da. Iraganean zer gertatu zen jakin gabe ezin da jakin nondik gatozen eta, beraz, zer garen. Aldi berean, nahi eta desio dugun etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko tresna da, giro soziolinguistikoa hizkuntza soziologiaren ikuspuntutik ikustea, aztertzea eta ondorioak ateratzea. Azterketa horrek etorkizuna modu arrazionalean eta zientzia legez eraikitzeko balio du.
Hori da, hain zuzen ere, “Euskararen Historia Soziala” (EHS) egitasmoaren helburua. Kasu honetan, Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izendatu zelako, Donostiako azken 250 urteetako bilakaera soziolinguistikoari heldu diogu. Alde batetik, 1761 inguruko egoera aztertu dute hainbat ikerlarik eta, bestetik, 2016 ingurukoa. Ondoren, bilakaerari buruzko ondorioak ateratzen saiatu gara.
Zein izan da liburuaren helburua?
M.Z./L.J.: Liburuaren helburua donostiarrei, hizkuntza-plangintza egiten duten pertsonei eta historialariei Donostiako bilakaera soziolinguistikoari buruzko ikuspuntu osatu eta egituratu bat eskaintzea izan da. Etorkizunari begira, hausnarketarako balio duten lerro batzuk irekitzen ere saiatu gara.
Donostiako aniztasun soziolinguistikoa perspektiba historikoan jartzeko asmoa zuen ekimenak. Honela, bi ikuspuntu landu nahi izan ditugu: tokiko ikuspuntua, alde batetik, euskararen (eta tokiko kulturaren) garrantzia azpimarratuz historian zehar; bestetik, berriz, ikuspuntu globala eman nahi izan dugu, Donostiak Europarekin bere sorreratik bertatik izan duen lotura azpimarratuz.
Beraz, teorikoa bezain praktikoa da ikersaioa.
M.Z./L.J.: Liburua informazioz beterik dago eta aldi berean ahalik eta ikuspuntu praktikoena ematen saiatu gara. Donostiako hizkuntzak historian zeintzuk izan diren zehaztu, bakoitzak zer pisu izan duen aztertu eta euskarak bide luze horretan zer irabazi duen eta non, zein esparru sozio-funtzionaletan, eta zer galdu duen eta non begiratu dugu.
Zertarako balio dezake ikersaio honek?
M.Z./L.J.: Nondik gatozen eta etorkizunean nahi dugun errealitate soziolinguistikora nola iritsi daitekeen zehazten laguntzeko ez ezik, aldaketaren neurriaz jabetzeko eta horren kontzientzia hartzeko balio du saioak: hogei aldiz biztanle gehiago ditu Donostiak gaur egun, egoera soziolinguistikoa eraldatu egin da, alde guztietan eraldatu ere: gizarte giroan (maila demografikoan, ekonoteknikoan, politiko-operatiboan, psikosozialean eta soziokulturalean) eta maila soziolinguistikoan ere bai: hizkuntzen erabileran, ezagutzan, jarreretan eta erabiltzen den euskara ere, erabat aldatu egin dira.
Donostiarren eguneroko bizi-giroa eta giro soziolinguistikoa erabat aldatu dira, askoz konplexuagoak eta anitzagoak dira, liburuan aurkezten dugun moduan.
Ondorio eta datu bitxi batzuk ere atera dituzue.
M.Z./L.J.: Bai. Oso interesgarria izan da ikustea historian zehar Donostia Europako giro sozio-kultural eta ekonomikoan ainguratutako hiria izan dela eta hainbat hizkuntza erabili direla bertan ia betidanik. Esate baterako, 1758an horrelako testigantza jaso zuen Juan Madariagak: Fernando de Goñi, el cual era "corredor interprete de la lengua olandesa a la Castellana de la Il[ust]re Casa de Contratacion y Consulado de esta Ciudad”. Eta ez da salbuespena, Donostiako giro oso nagusiki euskaldunean, eleaniztun andana jasotzen dira historian zehar, Europako giro kultural eta linguistikoari lotuta. Ahaztu gabe Donostia eraiki zutenak nagusiki gaskoiak izan zirela, noski.
Zeintzuk izan dira proiektu honetan landu dituzuen ikuspuntu nagusiak?
M.Z./L.J.: Hainbat ikerlarik egin dute lan proiektu honetan eta, horregatik, liburuaren ikuspuntua anitza da: artikulu batzuek hizkuntza soziologiaren eta soziolinguistikaren ikuspuntua jorratzen dute, eta beste batzuetan, ikuspuntua historiarena da, baina Donostiako egoera soziolinguistikoari aplikatua. Sinkronia eta diakronia ere lantzen dira. Momentu historiko jakin batean nola ziren gauzak: XVIII. mendean, eta nola dauden orain, alde batetik; eta, bestetik, bilakaera nola joan den osatzen.
Eta nori zuzenduta dago?
M.Z./L.J.: Donostiari buruz interesa duten pertsona arruntentzat oso interesgarria suertatuko da liburua, baita historialarientzat orokorrean eta soziolinguistikan eta hizkuntza plangintzan lan egiten duten pertsonentzat.
Ikuspuntua berritzailea da, Donostiako bilakaera soziolinguistikoa hizkuntza soziologiaren konstruktu nagusietara ekartzen saiatzeko bertako hizkuntzen nagusitasun-moldaerazko taulak osatu ditugulako eta historian zeharreko oinarrizko hiztun tipologiak zehaztu ditugulako. Ikuspuntu berritzailea da hori.
Liburuak atal desberdinak ditu, eta kolaboratzaile anitz. Nola dago egituratuta?
M.Z./L.J.: Donostiako bilakaera soziolinguistiko-historikoa egiteko asmoarekin hainbat lan aurkezten da liburuan. Hasteko, Hizkuntzen Historia Soziala eta bereziki euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologikoa aurkezten du Lionel Jolyk aurreneko atalburuan. Ondoren, Donostiako hizkuntza nagusiak historian zehar zeintzuk izan diren azpimarratzen du Mikel Zalbidek, liburuaren bigarren atalburuan. Hirugarrenean, berriz, gaiari buruz berariaz egin zuen ikerketa sakonean oinarrituz, Donostiako XVIII. mendeko egoera deskribatzen du Juan Madariagak. Koldo Larrañagak, bestalde, ikerketa zehatz eta zorrotza egin ondoren, RSBAPeko kideek, Gipuzkoako eliteek, euskarari buruz izandako iritzia eta, batez ere, praxia aurkezten du. Ondoren, bosgarren atalburuan, XXI. mendearen hasierako egoerari buruzko txostena eskaintzen dute Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak. Azken atalburuan, EHSk sortutako metodologia erabiliz, Donostiako bilakaera soziolinguistikoa azken 250 urteko aldian lantzen dute Mikel Zalbidek eta Lionel Jolyk. Lan horiek guztiek Donostiak izan duen bilakaera soziolinguistikoaren perspektiba orokorra ematen dute, bai perspektiba sinkronikotik zein diakronikotik.