Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Castillo Suárez idazle nafarra. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, Sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Uztailaren 1ean izanen da ekitaldia, Altsasuko Iortia kulturgunean. Euskaltzaindiak Osoko bilkura eginen du 10etan Altsasuko udaletxean, eta 12etan, Altsasuko txistulariek agintarien segizioari lagunduta, Iortiaraino iritsiko dira ekitaldi instituzionalari hasiera emateko. Altsasuko alkateak ongietorria eginen die bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera eta, ekitaldian zehar, Sahatsa eta Pi hirukoteak lagunduko ditu mintzaldiak.
Ondoren, Castillo Suárezek Sarrera-hitzaldia irakurriko du eta bere bizitzan eragina izan duten poema liburuen berri emanen du. Landareen bidez harilkatuko ditu guztiak, Maitasunaren botanika izeneko antologia osatuko du. Miren Agur Meabe euskaltzain osoak erantzunen dio Zazpi gutun maitasunaren botanikari izeneko hitzaldiarekin. Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina eginen du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren amaieran Altsasuko zortzikoa dantzatuko dute dantzari eta herritarrek.
Castillo Suárez García (Altsasu, Nafarroa, 1976). Euskal Filologian lizentziaduna da eta toki-administrazioko euskara teknikaria ogibidez. Bere literatura lanari etorrita, batik bat, poesia lanak idatzi ditu: orain arteko bildumarik osatuenak Souvenir (2008, Elkar), Urtebetetze festa (2012, Elkar), Irautera (2019, Elkar), Elurra elurraren gainean (Elkar, 2022) eta Alaska (Elkar, 2023) izan dira. Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da. Azkenaldian, haur literaturan ere utzi ditu zenbait ale, horien artean, Ebelina Mandarina (Erein, 2010). Literaturari buruzko blog bat dauka: Iparraldeko neska. Hainbat literatura sari eskuratu ditu eta bere testuetako batzuk zenbait hizkuntzatara (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa…) itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.