1972an, Euskalduntze-Alfabetatze batzordea sortu zuen Euskaltzaindiak, eta euskara irakasten ari ziren taldeak bide berera ekarri zituen; horrekin batera, euskarazko titulazioak emateko talde bat antolatzea bideratu zuen. Euskara titulazioak emateko unibertsitaterik ez zegoenez, Euskaltzaindiak bere gain hartu zuen euskara irakasten ari zirenen prestakuntza ziurtatzeko probak egiteko eta tituluak emateko ardura. Aurrerago, Euskaltzaindiaren D eta B tituluetarako prestakuntzan eta azterketa haietarako epaimahai lanetan ari ziren zenbaitek beste urrats bat egin zuten 1981ean: ikastaro haietarako materiala prestatzeko Bostak Bat Kultur Elkartea sortu zuten.
Elkartea sortu eta bi urtera, 1983an, lehenbiziko hiztegia, Sinonimoen Hiztegia, argitaratu zuten, ADOREZ hiztegi sortaren lehen emaitza; elkarte berriaren izenak bost euskalki nagusiak (bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, nafarrera eta zuberera) gogora ekarri nahi zituen, eta azken hamarkadetan uzta oparoa utzi dute: 19 liburukik eta bi CDek osatzen dute ADOREZ hiztegi sortaren altxor ederra.
Hona hamen Bostak Bat taldea osatu duten hizkuntzalarien izenak: Patxi Uribarren, Luis Baraiazarra, Txomin Solabarrieta, Gotzon Aurrekoetxea, Rikardo Badiola eta Juan Luis Goikoetxea. Denak dira euskaltzainak, izan ohorezko, urgazle edo emeritu, eta igande honetan, Araba Euskaraz-en omenduko dituzte “euskara ikertu, egokitu eta zabaltzeagatik”. Ekitaldia Olarizun izango da, 10:00etatik aurrera. Bertan, Patxi Uribarren euskaltzain emerituak eta Juan Luis Goikoetxea ohorezko euskaltzainak Unai Mendizabal Araba Euskaraz-eko lehendakariak emandako oroigarria jasoko dute, lantalde osoaren izenean.
Adorez Hiztegia; erdaretako ordainen bilatzailea
Adorez hiztegiaren ardura daraman lantaldearekiko hitzarmen baten bidez, Adorez Hiztegiaren datu-basea Euskaltzaindiaren Hiztegiaren datu-basean txertatu da aurten, emaitzak modu konbinatuan ikus daitezkeelarik: euskara > gaztelania hizkuntza-parea dago txertatuta.