Azkeneko urteetan, arras aldatu da ikus-entzunezkoen edukiak kontsumitzeko modua, eta streaming plataformak nagusi bihurtu dira kontsumoan zein ekoizpenean. Hizkuntza gutxituek leku gutxi dute eskaintza horretan, eta hari horri tiraka, eredu berrian euskararen egoera zirriborratu dute goizean zehar ikus-entzunezkoen hainbat alorretan ari diren adituek, Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu duten jardunaldian. Kondestablearen Jauregian, etorkizunari begira jarri dira hizlariak, Espainiako Ikus-entzunezkoei buruzko Lege berria izan dute hizpide, Kataluniako ereduari begira jarri dira, euskal hiztun-komunitatearekin izan dezakeen parekotasunak azaleratzeko, eta aurrerantzean ezarri beharreko jarraibideak aztertu dituzte.
Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruak eta Enrike Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazioko lehendakariak egin diete ongietorria parte-hartzaileei. “Euskal Herri osoan badago kezka handia, euskarak pantailetan izan duen erreferentzialtasuna lausotzen ari baita. Hori aztertzeko gaude hemen”, adierazi du Alemanek.
Jon Artatxo Aurtenetxe IBAIA Ekoizle Independenteen Elkarteko zuzendariak Europako arautegia eta joan den urtean onartu zen Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra izan ditu hizpide bere mintzaldian. Artatxok agerian utzi du lege horrek euskararen etorkizunean eta berreskurapenean izango duen eragina handia izango dela. Gainera, esan du Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak guk uste baino garrantzi handiagoa duela euskara komunikabideetan defendatzeko, “betebehar batzuk ezartzen baititu”. Bere ustez, garrantzizkoa da arau horiei guztiei jarraipena egitea.
Bestetik, Euskarazko ikus-entzunezkoen erronka nagusiez aritu dira Alex Aginagalde (Pantailak euskaraz) eta Urtzi Urkizu Berria-ko kazetaria. Euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea eskatu du Aginagaldek: “Beharrezkoa da euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak biltzen dituen plataforma bat, euskaldunon komunitatearen streaming plataforma nagusia bihurtuko dena”. Urkizuk ikus-entzunezkoen arloko estrategia eraginkor baten hutsunea antzematen du euskararentzat, erakunde publikoek bultzatu beharko luketen estrategia eraginkor baten falta, alegia. Kazetariaren iritziz, irailean EiTBk sortuko duen Primeran plataforma oso garrantzitsua izan daiteke euskararentzat. “Ondoren etorriko dira haurrentzako Makusi eta audioen Guau. Probetxuzko plataformak izango dira, zentzu askotan”, gaineratu du.
Kataluniako eredua
Kataluniako eredua ezagutzeko aukera izan da ondoren. Jaume Ripoll Vaquerrek Filmin.cat plataformaren esperientzia azaldu du bideo-testigantza batean. Streaming plataforma horretan katalanez ikus daitezke milaka pelikula, serie eta dokumental, katalanez eginak, bikoiztuak edo azpititulatuak.
ICEC Kataluniako Kultura Enpresen Institutuko hizkuntza politikaz aritu da Francico Vargas presidentea. “Hizkuntza ikuspegia dugu, katalana ez baitago beste hizkuntzekin parekotasunean. Estrategikoak dira guretzak iraunkortasuna, alde batetik, eta bestetik, publiko desberdinetako produktuak egitea. Profilen arabera sortu edukiak”. Horretarako, jatorrizko bertsioa katalanez dituzten pelikulak eta serieak ekoizteko dirulaguntza lerro berria onartu dute.
Euskarazko streaming plataforma
Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek? galderari erantzun diote, ikus entzunezko alorreko profesionalek bukatzeko.
Unai Iparragirre EiTBko zuzendariak Primeran euskarazko streaming plataforma berria aurkeztu du. Estrainekoz, plataforma ezagutzera emateko egin duten iragarkia ikusteko aukera izan da Iruñean. Iparragirrek beharrezkoa ikusten du eragile, proiektu eta ekoizle desberdinen arteko sarea sortzea: “Gaur egun, herri batek ez du etorkizunik tokiko produziorik gabe. Primeran Euskal Herriaren ikus-entzunezkoen kontakizuna izatea nahi dugu, anitza izatea nahi dugu, horregatik da beharrezkoa elkarlana”.
Gaizka Arangurenek (NAPAR) gogoratu du Euskal Herri mailako ikuspegia ez dela inoiz galdu behar: “Euskaldunon masa kritikoa ez da handia; euskal edukietara joateko leihoa izan beharko litzateke streaming plataforma hori”. Plataforma horretan hizkuntzen tratamendua zein izan beharko litzatekeen zehaztu dute, halaber.
Bikoizketaren garrantziaz mintzatu da BIEUSE elkarteko Xabier Alkiza: “Kalitatezko bikoizketa sustatzea behar-beharrezkoa ikusten dugu”. Ondoren, Kanaldude-ko Eki Pagoagak gaineratu duenez, “gu biziki sensible gara edukien ikuspegiarekin, baita bikoizketa eta euskalkien erabilerarekin ere. Badira standar batzuk, eta horiek aldatzeko egin behar da lan”.
Azkenik, Iban Arantzabal (TOKIKOM) edukien garrantziaz mintzatu da: “Beharbada ahazten zaigu sare sozialek zabalkunderako balio dutela; sortu bestela egiten da, eta benetako borroka edukietan dago. Katalanek duten politika ausartaren antzerako zerbait beharko genuke, hutsune hori sumatzen dut gurean”.