Pello Apezetxea arlo aunitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen. Baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. 2004. urtean ohorezko euskaltzain izendatua izan zen.
Beka emateko orduan epaimahaiak inguruko errealitatearekiko hurbiltasuna eta aukeratutako eremuan nahiz Bortzirietan aplikatzeko bideragarritasuna izanen du kontuan, besteak beste. Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izanen dira beka honen deialdira. Maiatzaren 31ra arteko epea izanen dute proposamenak aurkezteko. Beka esleitu ondotik, bekadunek zortzi hilabeteko epea izanen dute ikerketa garatzeko. Bekadunak 7.000,00 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik.