2022an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra. Gaur, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraituz, sarrera-hitzaldia egin du, Lekeitioko basilikan.
Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin du 10etan, herriko udaletxean, eta 12etan hasi da ekitaldi instituzionala. Miren Agur Meabek lore-eskaintza egin dio R.M. Azkueri, lehen euskaltzainburua basilikan bertan hilobiratuta baitago. Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak ongietorria egin diete bertaratutakoei. Protokoloak agintzen dituen bestelako hitz eta aurrekarien ostean, Itsaso bete mezu sarrera-hitzaldia irakurri du idazle lekeitiarrak. Hasmentan, euskara eta literaturaren ateak zabaldu zizkioten pertsonak omendu nahi izan ditu irakurraldian: gogoratu ditu herriko basilikan eginiko lehen irakurketak (lehen-lehena sei urte eta erdi zituela eginikoa), Labayruko ikastaroak, Xabier Kintanaren itzala (“berari zor diot neure-neure egin dudan berba bat: bisuts”), Eusebio Erkiagaren aholkuak... “Pozik bihurtzen naiz zuon hurrengo katebegia”, agertu du Meabek erakundeetako ordezkarien, euskaltzainen eta herritarren aurrean, “zuon eta zuon moduko beste batzuen konpromisoari eta argitasunari esker baitago gure hizkuntza dagoen tokian”.
Segidan, itsasoak bere ibilbide poetikoan izan dituen agerpideez mintzatu da poeta, luze-zabal, olerki zatiak oinarritzat hartuta. Meabek hamahiru puntutan laburbildu du berbaldia: Bizi-aroen portua; Arranegi versus Goikokalea; Hondartza, prisma bat; Orografiari buruzko apunteak; Itsas zoologiaren lagin batzuk; Oinarrizko gastronomia; Kresala, pasioaren perfumea; Itsasoa, doluaren gordailu; Genealogia femeninoaren ozeano horiek; Ur-mitoen gazitasunaz; Tresnak: belak, arrauna, amuak eta mapak; Itsas belarrien bilduma; Sormenaren ur irauliak; Harea, arbel eta lehengai.
Castillo Suárez euskaltzain osoak eman dio erantzuna, Galtzearen arteaz testuarekin. Hona hemen idatziaren abantzu labur bat: “Galerei aurre egiteko idazten du Miren Agur Meabek. Agur esateko ere bai. Negar egiten du galerei neurria hartzeko. Idatzi egiten du gaitzetik ateratzeko. Baina, batzuetan, ez dago mina arintzerik, boligrafoak ez daki bereizten zer den lehenago, negarra edo mina, idatzia edo sentitutakoa, nahigabea edo gonbitoa. Batzuetan bihozmina biderkatu eta oinaze bihurtzen da, gainera. Orduan, nahiago du gorputzik eduki ez, eta testu hasikin bihurtu, esaldi mataza, ohar kaier. Finean, idaztea galtzen eta erratzen ikastea da”. Galtzearen arteaz egin zuen Elizabeth Bishop poeta estatubatuarrak poema zoragarria, eta poema horretatik abiatuta, Castillo Suárezek Miren Agur Meaberen poetikaren nondik norakoak azaldu ditu, metaforaz beteriko testu ederrean.
Akabuan, euskaltzain berriak karguaren zina egin du, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela esanez: “Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure hitza ematen dut”. Gero, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu idazleak euskaltzainburuaren eskutik.