Aurten, apirilaren 10ean eta 11n izanen da Sarako Idazleen Biltzarra. 40 urte betetzen ditu egitasmoak, eta Euskaltzaindiak hastapenetatik parte hartu izan du azokan. Beti bezala, erakusmahaia jarriko du Akademiak Sarako polikiroldegian, eta, horrez gain, aurkezpen saioetan ere parte hartuko du. Honela, apirilaren 10ean, 12etan, Allande Socarros (1957-2021) Euskal idazlan eta lekukotasun liburua aurkeztuko du. Gainera, Armanak Üskara edo Ziberouko Egunaria-ren bilduma osoaren digitalizazio-lanaren berri emanen da. Bi proiektuak Sü Azia elkartearekin batera eta Euskararen erakunde publikoaren babesaz ondu ditu Euskaltzaindiak.
Allande Socarros euskaltzale eta euskaltzain urgazlearen ekarpenak laburbiltzen dira Euskal idazlan eta lekukotasun liburuan, baina bere ikusmoldeak eta egintzak ez ahanzteko Allanderi egin zizkioten elkarrizketa batzuk berrargitaratu dira. Gainera, ezagutu zuten lankide eta adiskide zenbaiten lekukotasunak bildu dira argitalpen bitxi honetara. Liburua eskuragarri dago Euskaltzaindiaren webgunean, Argitalpenak atalean.
Sü Azia elkartearekin lankidetzan eta Euskararen erakunde publikoaren laguntzaz, Zuberoan, 1887. urtetik 1914. urtera argitaratu zen Armanak Üskara edo Ziberouko Egunaria aldizkariaren ale guztiak numerizatu ditu Euskararen Akademiak, bere webgunean eskegi dituela, esku-eskura jarriz. 28 alez osatutako bildumak informazio osoki interesgarria eskaintzen du garaiko euskaldunen bizimoduez, gertakariez eta hitz egiteko moduez. Ale guztiak kalitate altuan numerizatu dira; Almanaka bakoitzak bere fitxa du eta artikulu guztiak katalogatu egin dira; ondorioz, kontsultak gaika ere egin daitezke, gai-aurkibide batez lagundurik. Lan horren guztiaren berri emango da Sarako azokan.