Gaur, apirilak 3 dituela, 2023rako lankidetza-hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua arduratu dira lankidetza-hitzarmena berritzeaz gaurko ekitaldian eta haiekin batera Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Mikel Arregui, eta akademiaren Nafarroako ordezkaria, Sagrario Aleman, izan dira. Bi erakundeon urteetako elkarlana berretsiz eta indartuz, hitzarmen honek euskararen garapena, azterketa eta ikerketa ahalbidetuko ditu, Foru Komunitatearen berezko hizkuntzetako bat baita.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, Euskaltzaindiak garatuko dituen proiektu eta lan hauek lagunduko ditu diruz: Jose Ramon Minondo Goizuetarraren gutunen. 2. argitalpena; Onomastika Batzordera edo Euskaltzaindiaren Nafarroako Ordezkaritzara iristen diren txostenak egitea eta eskaerak izapidetzea; bai eta Euskara ibiltaria eta Pirinioetako hizkuntzak erakusketak prestatzea eta jarraipena egitea ere. Foru Gobernuak 200.000 euro jarri ditu horretarako.
Duela mende bat baino gehiago, 1918an, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen Nafarroako Foru Diputazioa. Ordutik, bi erakundeen arteko harremana mantendu da, ekimen kultural eta akademikoak garatzea helburu.