Euskaltzaindiak eta Sü Azia elkarteak, Euskararen erakunde publikoaren laguntzarekin gauzatu duten ekintzaren berri eman dute Baionako Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Zuberoan, 1887. urtetik 1914. urtera argitaratu zen Armanak Üskara edo Ziberouko Egunaria aldizkariaren ale guztiak numerizatu eta denen eskura jarri dituzte Euskaltzaindiaren webgunean; laster Sü Azia elkartearen webguneak ere edukiko du eskaintza berdina.
Lehen aldia da Ziberouko Egunariaren ale guztiak leku berdinean plazaratu direla. Guztira, 28 urtez argitaratu zen egunaria, zenbaki bat urteko. Dokumentu balios horiek euskarri numerizatuan kontsultatzeko aukerak euskara ikertzen edo gure hizkuntzarekin interesa duten euskaltzale zein ikerlariei tresna oparoa ematen die. Izan ere, berrogei bat orrialdeko urtekari horretan, garai hartaz, garaiko euskaldunen bizimoduez, gertakariez edo hitz egiteko moduez informazio ugari eskaintzen ditu; horrelako aipagaiak zituzten artikuluen idazle ziren katoliko horiek: lehenik, erran zahar zenbait; ondotik, urte berriko egutegia, eta jarraian hainbat artikulu, erlisioneaz, politikaz ('xuri'en eta 'gorri'en arteko guduen aipamenak), laborantzaz, euskaraz beraz, eta abar. Zuberera aberatsa erabiltzen zuten eta oraingoa baino gutiago latinizatua. Urtekariaren zuzendari nagusia Jean-Félix Larrieu (1863-1941) mauletar euskaltzale suharra izan zen, Paris ondoko herri batean mediku, hautetsi eta auzapez izan zena. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1919an.
Kontsulta erabilerraza: Armanak Üskara edo Zibebouko egunaria almanaka osorik eskaintzen da numerizatuta Euskaltzaindiaren webgunean, guztira 28 zenbaki. Guztiak kalitate handian numerizatu egin dira eta erabiltzaile guztien esku jarri. Oso-osorik aurki daiteke, beraz. Almanaka bakoitzak bere fitxa du eta bertan urte horretako zenbakiaren aurkibidea ikus daiteke, artikulu guztietara zuzenean sartzeko estekarekin daitekeelarik. Horretaz gain, artikulu guztiak katalogatu eta gaika ere kontsultak egin daitezke, gai-aurkibide baten bidez.