Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskaltzaindiak Hitzak Lege erakusketa ibiltaria aurkeztu dute gaur Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiekin eta Baionako Udalarekin elkarlanean antolatu du egitasmoa.
Aurkezpen ekitaldian, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako burua, Andres Urrutia euskaltzainburua eta erakusketaren komisarioa, eta Gotzon Lobera legelaria eta erakusketaren koordinatzailea egon dira. Erakusketaren helburu nagusia Euskadiko eta Nafarroako bost ganbera Legegileek eta Baionako Udalak gordeta dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarrian, ulergarrian eta interaktiboan erakustea da.
Bizkaiko Batzar Nagusien ekarpena esanguratsua izan da, Ana Otaduik aurkezpenean adierazi duen moduan: “Bizkaiak garrantzi handiko antzinako testuak ekarri ditu erakusketa honetara, esparru juridiko zein sozialekoak. Testuok gure herriaren historiaren parte dira. Horregatik uste dut ahalegina egin behar dugula erakusketa hau Euskal Herriko txoko guztietara eramateko. Hain zuzen, gure erakunde eta lurraldeen historiaren berri ematen duelako. Azken batean, euskaldunon eta gure hizkuntzaren historia delako”.
Bere aldetik, Gotzon Lobera legegileak erakusketaren gakoa azaldu du, lau eta argiro: "Erakusketa honek mendeetan zehar ezkutatu izan den errealitatea azaleratu nahi du: euskara duela mende askotatik egon dela presente euskararen lurraldeetan bizi ziren pertsonen harreman juridiko pribatuetan, baita lurralde horietako instituzioen jarduera administratiboan ere".
Bizkaiko ganbera legegileak lagatako idazkien artean dago Bizkaiko Foru Zaharra, 1452tik aurrera “lege konstituzionala eta kode zibil, penal eta prozesala” izatera iritsi zena, Otaduik gogorarazi duenez. Bizkaiko Batzar Nagusietatik irten den beste altxorretako bat Bizenta Antonia Mogelen idazki bat da. Luis Borboikoa Toledoko kardinal eta artzapezpikuaren gutun pastorala –Fernando VII.ari jende aurrean babesa emateko idatzitakoa– 1820an euskaratu zuen lehenengo euskal emakume itzultzailea izan zen. Bakarrik Bilbon entzun ahal izango diren berrikuntzen artean, 1983ko maiatzaren 24an, Anton Aurre lehendakaria protagonista izan zuen Bizkaiko Batzar Nagusien aro demokratikoko euskarazko lehenengo berbaldiaren soinua azpimarratu behar da.
Erakusketak dokumentuen informazioa duten 14 panel fisiko ditu, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Gainera, 2 panel elkarreragile, 3 panel argiztatu eta 2 bitrina jatorrizko dokumentuak erakusteko) egongo dira.
Hitzak Lege daborduko izan da Gasteizen eta Iruñean, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, hain zuzen ere, eta martxoaren 4ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik barikura (08:00etatik 20:00etara). Ostean, Arabako eta Gipuzkoako foru-ganberetan ere egongo da.
Erakutsiko diren testu bitxi batzuk:
- 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan.
- Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute.
- 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak).
- 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago.
- 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
- 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen.
- 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten.
- 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen.
- 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
- 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948.
- Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.