Hona hemen Battittu Coyos euskaltzain osoak gaur Baionako ekitaldian irakurri duen testua, osorik:
Txomin Peillen zena gogoan
"Euskaltzaindiaren izenean, Txomin Peillen euskaltzain zena nahi nuke gogoratu, eskertu nahi nuke eta laudatu ere. Eta hori euskara batuaz eginen dut.
Zergatik? Zuberotarra izanik ere, euskara batua landu du bizi osoan bere idatzietan, zuberera, familiaren euskalkia, ahantzi gabe. Bazekien euskara batuaren sortzea eta garapena nola garrantzitsua zen euskara bera salbatzeko eta garatzeko gaur egungo gizartean.
Zeren eta 60 urte badira Euskaltzaindiak euskara batuari buruz irizpideak, gomendioak eta arauak ematen dituelarik. Baina idazlerik, irakaslerik, kazetaririk gabe euskara batua ez zatekeen garatuko. Euskararen hedatzaile horien artean, Txomin lehen lerroan izan zen, bere lan emankor, aberats eta mota anitzekoa euskal literatura garatzeko, euskal ikasketak eta ikerketak bultzatzeko.
Azken hatsa eman arte lan egin du Txominek. Azaroaren 15ean, zailtasun handiz ibiltzen baldin bazen ere, bere azken liburua aurkeztu zuen Baionako Euskal Museoan. Liburuak Ene bertsoen bilduma– Recueil de versification du izena eta Euskaltzaindiak argitaratu du. Horretan bizi osoan idatzi zituen euskarazko olerkiak bildu ditu eta denak frantsesez itzuli ditu.
Azaroaren 17an, akitua izanik ere, bere 90 urteak ospatu zituen etxean. Baina biharamunean, 18an, Baionako ospitalera eraman zuten eta gero Kanbora, non abenduaren 9an hil zen.
Txomin Peillenen ekarpena euskararen literaturari eta euskal ikerketei neurtezina da. Eta hitz hauen bidez Euskaltzaindiak Txomin eskertu nahi luke. Argitaratu dituen 40 bat liburu eta 100 bat artikulu baditugu, anitz ikasteko euskarari buruz eta euskal gizarteari buruz. Horixe da utzi digun ondarea.
Eskerrik hanitx Txomin, zinez”.