2021eko azaroaren 26an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Alfontso Mujika hizkuntzalari gipuzkoarra. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraituz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Larunbatean izango da ekitaldia, Donostiako udaletxean. Euskaltzaindiak Osoko bilkura egingo du 10etan, eta 12etan hasiko da ekitaldi instituzionala: hasmentan, udal txistulariek girotuko dute ekitaldia, eta, ondoren, Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak ongietorria egingo diete gonbidatuei.
Segidan, Alfontso Mujikak sarrera-hitzaldia irakurriko du, eta bere berbaldian Euskaltzaindiak 1994az geroztik mundu osoko pertsona- eta leku-izenak arautzeko eginiko lana izango du hizpide. Miren Azkarate euskaltzain osoak emango dio erantzuna.
Akademiaren historian lehendabizikoz, ele bietan egingo da sarrera-hitzaldia: euskaraz eta zeinu-hizkuntzaz. Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute berriki, eta hitzarmen horren emaitzetako bat da larunbateko berrikuntza hori.
Hitzaldien ostean, euskaltzain berriak zin egin beharko du euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela. Azkenik, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu Mujikak euskaltzainburuaren eskutik.
Euskaltzain oso berrien izendapena
Osoko bilkuran, Xarles Videgain eta Andoni Sagarna euskaltzain emerituen hutsarteak betetzeko bozketa egingo da. Gogoratu behar da Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatera igaro zirela uda aurretik, eta uztailaren 22an zabaldu zela bi-bien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea, urrira arte. Hautagai bi aurkeztu zituzten euskaltzainek urriaren 28an Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikina) egin zen Osoko bilkuran —hain zuzen ere, Itxaro Borda idazlea eta Andres Alberdi hizkuntzalaria—, eta larunbateko bilkuran jakingo da euskaltzain oso izendatuko dituzten ala ez.