Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak Henrike Knörr euskaltzain osoari gorazarre egin nahi izan diote gaur Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikinean), euskaltzain gasteiztarra jaio zeneko 75. urteurrenaren kariaz.
Omenaldiak denetarik izan du. Batetik, euskaltzain arabarrari eginiko gorazarrea bera, non hainbatek parte hartu duten: Henrike Knörren familiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Bestetik, Onomastika gaiak ardatz hartuta, mintegi labur eta trinkoa antolatu du Akademiak; gogoratu behar da Henrike Knörrek bereziki gogokoa izan zuela Onomastika eremua bere jarduera akademikoan. Jardunaldi horretan, ondokoek parte hartu dute: Ana Boullón Toponomasticon Hispaniae proiektuko koordinatzaileak, Patxi Salaberri euskaltzain oso eta ToponHisp proiektuko Euskal Herriko lantaldearen ikertzaileak, eta Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak.
Horrez gain, euskaltzainaren 67 idazlan “ez hain ezagunak” biltzen dituen liburua aurkeztu da ekitaldiaren barruan. Henrike Knörr (1948-2008) Idazlan hautatuak. Textos escogidos argitalpena Roberto González de Viñasprek paratu du, Garikoitz Knörren laguntzaz. “Idazlanen hautapenean erabilitako irizpide nagusia izan da albo batean uztea Internet bidez aise eskura daitezkeenak. Horien ordez, urteetan aldizkari eta egunkari askotxotan eta, oro har, zabalkunde laburreko argitalpenetan, Henrike Knörrek idatzitako artikuluak jaso dira. Era honetan, mamitsuak eta interesgarriak diren idazlanak errazago jarri dira egungo irakurleen eskura, egilearen ekarriaren ikuspegi osatuagoa izan dadin”, adierazi du Roberto González de Viñaspre euskaltzain osoak. Artikuluetan gai ugari jorratzen dira, baina, batez ere, Onomastika kontuak, euskararen historia eta euskarazko testu zaharren azalpenak. Liburuaren osagarri, Knörr-Santiago familiak utzitako hainbat argazki bildu dira.
Azkenik, UPV/EHUk 2021eko Henrike Knörr bekaren emaitzak agertu ditu, eta, bide batez, 2022ko deialdia egin da.