Igandean, urriak 30 dituela, IKER bildumaren 44. emaitza aurkeztuko da Bretainiako Carhaix herriko liburu-azokan. Rennes-2ko unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlanaren emaitza da Lurraldeak, hizkuntzak, literaturak & kulturak: konfrontazioak, irakurketak, translazioak ikerlana (Territoires, langues, littératures & cultures : confrontations, lectures, translations), eta lau hizkuntzatan idatzitako edozenbat artikulu biltzen ditu (gehienak frantsesez eta euskaraz idatzi dira).
Lan berrian, XIV. mendetik XXI. mendera arte doan epean hedadura txikiko hizkuntzetan eskuz idatziak edo inprimatuak izan diren testuek espazioarekin, denborarekin, geografiarekin, eta orokorkiago beren transmisioarekin eta kultura menperatzaileekin izan duten harremana aztertzen da. “Ikerlan honen xedea ez da soziolinguistikoa. Azterketa andana hauen bitartez ez da zehaztasuna bilatzen, bada aldiz literatura eta hizkuntza– eremu ezberdinen markatzeko borondatea, Estatuen historia ofizialaren konbentzio harroetarik haratago bidaiatzea posible izan dadin”, azaldu du Aurelia Arkotxa euskaltzain osoak eta Bordeleko Montaigne unibertsitateko katedradun emerituak. Arkotxak Herve Le Bihan Rennes-2 unibertsitateko katedradunarekin elkarlanean atondu du ikerlana.
Batez ere, bretoierazko eta euskarazko testuak aztertzen dira liburuan, eta testu horietan itzulpengintzak izan duen garrantzia azpimarratzen da. Halaber, katalan, okzitaniera, korsikera eta Guyanako kreoleraren testuak ere aztertzen dira.
Liburuak hiru atal nagusi ditu: lehenengoan, literatura horien azken hamarkadetako kasu batzuk aztertzen dira; bigarrenean, testu historiko eta klasiko batzuen ibilbidea, azterketa, eta itzulpen-bilakaera aztertzen da; hirugarren atalean, memoria historikoa ardatz, zenbait idazle eta beraien testuak lantzen dira. Aditu hauen artikuluak biltzen ditu liburuak: Ur Apalategi, Miren Ibarluzea, Latry Guy, Aiora Jaka, Aritz Galarraga, Lourdes Otaegi, Frederik Verbeke, Katy Bernard, Gidor Bilbao, Jean-François Courouau, Eugène Gherardi, Erwan Hupel, Joseba Lakarra eta Koldo Ulibarri, Hervé Le Bihan, Eneko Zuloaga eta Dorota Krajewska, Iñaki Aldekoa, Mikel Ayerbe, Audrey Debibakas, Gwendal Denis, Alexander Gurrutxaga, Christian Manso eta Dolores Thion Soriano-Mollà, François Pic, Ronan Le Coadic, Mikaela Kerdraon, Évelyne Mourguy.