Mintzola Fundazioa 2021ean azkendu ondoren, Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegia izango da aurrerantzean. Horretarako, Euskaltzaindiak bere lan eremua, lehentasunezko lan ildoak eta jarduerak finkatu ditu. Ohi duen lez, horiek guztiak ahozkoaren inguruan lan egiten duten eragileekiko lankidetzan landu nahi ditu Euskaltzaindiak.
Ikerketan, ezagutzaren transferentzian, formazioan eta sustapenean jardungo du Mintzolak aurrerantzean, eta Mintzola faktoriaren eskutik, aspalditik datorren egitasmo bat bultzatuko du Euskararen Akademiak ondorengo asteetan: Ahostegunak. Hamazortzi eta hogeita bi urte bitarteko gazteei zuzendutako doako egitasmoa, hain zuzen, antzerkian, bertsolaritzan, kantuan eta literaturan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko saio ezberdinak antolatuko dira.
Ostegunetan izango dira saioak (azaroaren 17an, 24an eta abenduaren 1ean) Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikina/Gaztelako Atea 54). Bertan, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariek parte hartuko dute; baita Merina Gris taldeak eta Marina Suarez antzerkilariak ere.
Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren bitartez bideratzen du proiektu hau, eta izena emateko epea gaur 12:00etan ireki eta azaroaren 10ean itxiko da, ordu berean. Helbide honetan egin daiteke izen-ematea (doakoa da).
Ahots baten egitasmoarekin gertatzen den moduan, proiektu honekin gazteek euskaraz egiten diren hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera izango dute, ahozko kultura-sorkuntzaz gozatzeko aukera emanda.
Zer da Mintzola?
Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea izan du helburu azken urte hauetan. Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraikitzen saiatu da azken hamarkada honetan.
2021eko uztailean, Mintzola Fundazioaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki zuten, aho batez, patronatuko kideek. Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta hartu zuten erabakia. Orduan, Euskaltzaindiari eskaini zioten Mintzolaren jardunarekin jarraitzea. Euskararen Akademiak baiezkoa eman zion proposamenari eta inplikatutako eragileek prozesu berri bat bultzatu dute ordutik, euskarazko ahozko jardunaren ikerketari eta dibulgazioari jarraipena emateko helburuari eutsiz.