Mintzola Fundazioa 2021ean azkendu ondoren, Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegia izango da aurrerantzean. Horretarako, Euskaltzaindiak bere lan eremua, lehentasunezko lan ildoak eta jarduerak finkatu ditu. Ohi den lez, horiek guztiak ahozkoaren inguruan lan egiten duten eragileekiko lankidetzan landu nahi ditu Euskaltzaindiak.
Honela, ikerketan, ezagutzaren transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean jardungo du Mintzolak aurrerantzean. Horren haritik, aspalditik datorren egitasmo bat bultzatuko du Akademiak, Mintzola lantegiaren bidez. Proiektu honekin gazteek euskaraz egiten diren hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera izanen dute, ahozko kultura-sorkuntzaz gozatzeko aukera emanda.
- Ahots Baten sormen egonaldiak: euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, berean artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortutako egonaldia.
- Urriaren 29tik azaroaren 1era izanen da, Amaiurko (Nafarroa) aterpetxean.
- Izen-ematea: urriaren 3tik 20ra (astelehenean iragarriko dugu non eta nola).
Zer da Mintzola?
Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea izan du helburu azken urte hauetan. Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraikitzen saiatu da azken hamarkada honetan.
2021eko uztailean, Mintzola Fundazioaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki zuten, aho batez, patronatuko kideek. Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta hartu zuten erabakia. Orduan, Euskaltzaindiari eskaini zioten Mintzolaren jardunarekin jarraitzea. Euskararen Akademiak baiezkoa eman zion proposamenari eta inplikatutako eragileek prozesu berri bat bultzatu dute ordutik, euskarazko ahozko jardunaren ikerketari eta dibulgazioari jarraipena emateko helburuari eutsiz.