Zortzi-hamabi urteko gaztetxoen euskarazko ahozko jarduna indartzeko aukerak eta bide berriak landu dira gaur Iruñean, Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolaturiko jardunaldian. 80 lagun inguru bildu dira Kondestablearen Jauregian. Honela, irakasleak, aisialdi- eta kirol-taldeetako teknikariak eta Hezkuntzako ordezkariak nafar gazteekin batera elkarlanean aritu dira goiz osoan zehar.
Sagrario Aleman euskaltzain osoak, Mikel Arregi Euskarabidea-ko zuzendariak eta Enrike Diez de Ultzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazioko lehendakariak haur-gazteen euskarazko erabilera areagotzeko baliabideak eskaintzea lehentasuna dela azpimarratu dute hasiera ekitaldian.
Helena Baraibar Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak D eredua indartu beharra dagoela nabarmendu du. Bere esanetan, “indartzea hizkuntzen trataera integrala ematea da; eta ez da hizkuntza guztiei trataera bera ematea”. Baraibarrek gaineratu duenez, “euskararekiko sentikortasuna indartu behar da ikastetxeetan, euskara erdigunean duen ekosistema koherentea sortuz eta elikatuz”. Ildo horretatik, Yolanda Olasagarre Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara teknikaria ikastetxearen hizkuntza-plangintza lantzearen alde azaldu da: “Ikasle askok barne gatazka sentitzen dute; nahi dute euskaraz egin, baina ezin dute. Ahalduntzeko baliabideak eman behar dizkiegu”.
Ondoren, gazteak entzuteko aukera izan da Kondestable Jauregian Iruñeko Iturrama Institutuko ikasleen eskutik. Hartara, Xabier Olanok, Amagoia Nuinek eta Uxune Camposek egunerokoan dituzten oztopo, ezin eta aukerak eman dituzte ezagutzera.
Euskara ahora eramateko dekalogoa
Yolanda Arrieta idazle eta sortzaileak euskara ahora eramateko dekalogoa aurkeztu du mintegian. Horretarako, haurren afektibitatean jarri du arreta, batik bat, bere iritziz hari afektiboak eten egin baitira gure gizartean. Hari horiek berriz ere ehuntzeko, paradigma berria sortzeko proposamena egin du: “Hutsuneak antzeman eta hortik hasi behar da umeen “ni”-a euskaraz lantzeko, harremanak beti ardatz”.
Azpimarratu du, besteak beste, gaztetxoen inguruan mugitzen diren bitartekari helduek (irakasleek, hezitzaileek, begiraleek...) beharrezkoa dutela prestakuntza berezia: “Heldu horiek nor diren antzeman, prestatu eta ahaldundu behar dira, eredu izan daitezen. Umeari zerbait sentiaraziko dion heldua behar dugu eskolan, auzoan, aisialdian, parkean...”.
Hari afektiboak euskaraz blaitzeaz gain, euskaradun harremanak elikatu, oroitzapenak erein eta atxikipen berriak egitea proposatu du Arrietak: “Beste era batera egin behar ditugu gauzak eta beste gauza batzuei garrantzia eman. Hutsuneetara joan behar dugu, eta hutsune horietan, guk tilin egin behar dugu”. Bide horretan emozioak sortzea ezinbestekoa dela nabarmendu du sortzaile bizkaitarrak.
Azkeneko atalean, aisialdian eta kirol-jardueretan gazteekin aritzen diren taldeen esperientziak ezagutzeko parada izan da. Zizur Nagusiko Ardoi Pilota Eskolan entrenamenduak euskara hutsean egiteko erabakia hartu zuten duela urte batzuk; esperientzia hori zer nolakoa izaten ari den azaldu du Roberto Gomezek. Ondoren, Dindaia Fundazioak martxan jarri duen Euskaraz Klika egitasmoaz aritu da Esther Lakasta: pandemia garaian, elkarrizketak linean egiteko aukera ematen duen gunea sortu zuten eta Nafarroa osoko D ereduko gazteei eskaintzen zaie.
Bestetik, Leire Barberenak Bertsolaritza ikastetxeetan proiektuaren nondik norakoak aurkeztu ditu. Bukatzeko, Larunblai Atarrabiako aisialdiko programa izan du hizpide Topaguneko Ander Barandiaranek.