Orotariko Euskal Hiztegiak hauxe dio:
boz 3 Voto. Documentado sólo al Norte; el primer testimonio en la literatura es de finales del s. XVIII.
bozkatu Votar.
bozketa Votación, elección
bozkatze Votación, eleccion(es).
bozaldi Votación.
bozka Votación. Élection
Adibide guztiak Iparraldeko idazleenak dira. Hitz horietatik boto adiera duen bakarra boz da. Inoiz ez da ageri bozka hitza adiera horrekin.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak tradizio horren arabera jokatu du.
Gaur egun sarri samar entzuten edo irakurtzen ditugu tankera honetako esaldiak: Bozka 122 lagunek eman dute
Euskaltzaindiaren Hiztegian begiratzen badugu bozka zer den, hau ikusiko dugu:
bozka
iz. Ipar. Bozkatzea. Ik. Bozketa. Bilkuran ziren, baina ez dute bozkan parte hartu. Bozka-eguna.
Ikusten dugu hitz hori Iparraldeko euskalkietakoa dela eta bozkatzea esan nahi duela, eta ez botoa. Nor dabil oker, hiztegia ala esaldia idatzi duena? Onena izango da hitz horrek euskararen historian zehar egin duen bidea aztertzea. Horretarako baditugu baliabideak.
Gaur egungo erabilera aztertu baino lehen, iraganean hitz hori nola erabili izan den ikusteko, Orotariko Euskal Hiztegira joko dugu. Hor ageri diren informazio guztiak adierazten digute Euskaltzaindiaren Hiztegia zuzen dabilela. Lekukotasun guztiak Iparraldekoak dira: Jean Barbier-en Supazter chokoan (1924), Jean Larrasquet-en 1931ko artikulu bat, Pierre Lhanderen Dictionnaire basque-français (1926-1938), Herria aldizkaria (1958, 1966), Mattin Treku bertsolariaren bertso bat, 1971n argitaratua.
Denak XX. mendekoak. XX. mendean gehixeago murgiltzeko, XX. mendeko euskal corpus estatistikoan bilatuko ditugu bozka hitzaren agerraldiak. Guztira 24 agerraldi agertuko zaizkigu. Denak dira Iparraldeko iturrietakoak (Armanak Uskara edo Ziberouko Egunaria, Gure Herria, Herria, Herriz herri, Zabal) edo Iparraldeko idazleenak (Jean-Louis Davant, Xipri Arbelbide).
Esan daiteke denetan adiera bozketa dela, salbu Zabal aldizkariko 1973ko artikulu batean, non honako esaldi hau ageri baita: oso osorik bozka guztiak jasoko ditu.
Pasarte horren testu zabalagoa aztertzen badugu, susmoa izango dugu, artikuluaren egilea, Baigura izengoitiarekin sinatzen duena, ez dela Iparraldekoa. Ez litzateke harritzekoa hori hala izatea, Zabal aldizkariaren sorrera Hegoaldetik erbesteraturiko batzuek bultzatu zutelako.
Beste alde batetik, artikulu horretan ageri den oso-osorik forma ez da ohikoa izan Iparraldeko idazleentzat eta jaso hitza, bildu, bereganatu adieran, ere ez (ikus OEHn jaso 5. adiera). Horrek berak indartzen du geneukan susmoa, alegia, Hegoaldeko idazleren batek, hitza ondo ezagutu gabe erabili zuela.
Hortaz, ikusten dugu bozka hitza XX. mende osoan Iparraldeko idazleek erabili dutela eta beti bozketa adieran. XXI. mendean, boto adieran nahiko ugari agertzen da, eta bitxia dena, baita Iparraldeko kazetari gazte batzuen idatzietan ere. Ikusiko dugu hemendik aurrera zer geratzen den. Oraingoz, Euskaltzaindiaren Hiztegia ondo dago dagoen moduan. Iparraldean boto adierarekin erabili izan den hitza boz da eta botazio adierarekin ere erabiltzen da, pluralean, bozak (ikus OEHn boz 3. adierak ). Hori guztia jasota dago Euskaltzaindiaren Hiztegian:
boz 2
1 iz. Ipar. Botoa, hauteskundeetako adierazpidea. Bildu zituen 3.779 boz, 5.351 bozen kontra. Boz eske ibiltzea. Zurien alde boz biltzaile bezala.
2 iz. Ipar. Botoa (ahalmen edo eskubidea).
3 iz. pl. Ipar. Bozketa, hauteskundeak. Herriko bozak.