Joan den urteko irailean, Lodosako Udalak, euskara sustatzen ari den Lodosa Bizirik elkartearen proposamena entzun ondoren, kale izendegia euskaratzeko prozesua martxan jarri zuen, harik eta 2022ko uztailaren 7an egindako udalbatzan kale izendegi berria onartu arte. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordea arduratu da izendegi ofiziala egoki euskaratzeaz.
2022an zehar udalerriko 154 kaleen inguruko informazioa berrikusten aritu ondoren, apirilaren 8an kale izendegia aldatzeko proposamena eman zuen. Kale izenen artean “Izenik gabeko kalea” (Calle Sin Nombre), “Aizagerri kalea”/Calle El Aire), “Goikobaratze kalea” (Calle Huertos de Arriba), “Olibadi kalea” (Calle Olivar), “Done Joan kalea” (Calle San Juan), “Hilerriko bidea” (Camino del Cementerio), “Irati Ibaiaren kalea” (Calle Río Irati) edota irudian ageri den “Plazatxo plaza” (Plaza Plazuela) daude.
Lourdes San Miguel Rojo alkatearen hitzetan, “aspaldi gabiltza normalizazioan eta ikusgarritasunean lanean Lodosan eta badira hainbat plaka elebidun, Medianil Parke botanikoa esaterako, baina kale izenak euskaratzea urrats sinbolikoki adierazgarria izan da udalarentzat”.
Joan den urtean, Sartagudan egin zen moduan egindako ibilbidea eredugarria izan da, herritarrek abiatutako ekimena izan delako, baina, aldi berean, erakundeekin elkarlan estua egon delako: Lodosako Udalarekin, Euskarabidearekin eta Euskaltzaindiarekin.
Kale izenak euskaratzerakoan euskararen normalizazioan eta ikusgarritasunean egindako urratsak axola handikoak badira ere berebizikoa da prozesua administratiboki egoki gauzatzea, administrazioei jakinaraziz, etorkizunean herritarrek inolako eragozpenik izan ez dezaten.
Kale izenak euskaraz ere jartzeko ekimen hau diruz lagundu du Nafarroako Gobernuak eta, horrekin batera, Errigora ekimenak ere.