Pasa den ostiralean, Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak gorazarre egin zioten Juan Irazusta herriko idazleari. Irazustak idazlan bakarra publikatu zuen: 1739an, Gaspar Astete jesuitaren doktrina argitaratu zuen Iruñean, euskarara itzulita, Doctrina Cristiana Aita Gaspar Astete Jesuitac erderaz compondua ipiñi zuan Eusqueraz D. Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac izenburuarekin. Bi mendetan zehar, Gipuzkoako milaka haurrek memoriaz ikasi behar izan zuten, eta aldekoak eta kontrakoak izan bazituen ere, gaur egunera arte iritsi da bere itzala.
Goiz partean, Euskaltzaindiak uztaileko Osoko bilkura egin zuen Alkizan (Gipuzkoa), eta arratsaldean, erakusketa eta liburu mamitsu baten eskutik Irazustaren lana eta bere garaia ezagutzeko aukera izan zuten euskaltzainek, Legebiltzarreko, Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera.
Erakundeetako ordezkarien aurrean pozik eta esker oneko agertu zen Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkatea. Irazabalbeitiak esan zuen Irazusta hil zeneko urteurrena pertsonaia argitara ateratzeko aitzakia aparta izan dela: “Alkiza bezalako herri txikiek, are gehiago nekazaritza-guneak badira, nekez izan dituzte jaioterriari tornuia eman dioten pertsonaia ezagunak. Alkizak bat edo beste badu, baina guri dagokigu herriak eman dituenak ahanzturatik ateratzea eta merezi duten distira ematea. Juan Irazustaren heriotzaren 250. urteurrena aitzakia egokia izan da izar horietako bat purgatoriotik ateratzeko eta bere sona XXI. mendera ekartzeko”.
Plaka eta erakusketa
Egiatan, larunbateko ospakizunak hiru zati izan zituen. Lehenengoan, Juan Irazustaren omenezko plaka bistaratu zen herriko enparantzan. Bigarren zatian, Irazustaren lana eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratu zen Fagus-Alkiza Interpretazio-zentroan. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Bakartxo Tejeria legebiltzarburuak eta alkateak berak. “Gaur inauguratu dugun erakusketak eta aurkeztuko dugun liburuak bi helburu nagusi dituzte: batetik, Juan Irazustaren figura berreskuratzea eta ezagutaraztea, eta, bestetik, XVIII. mendeko gipuzkoar gizartearen erradiografia moduko bat eskaintzea XXI. gizaldiko herritarrei, euskara ardatz hartuta”, azaldu zuen Irazabalbeitiak. Foru Aldundiak bere gain hartu ditu erakusketak eragindako gastuak eta alkateak esker oneko hitzak izan zituen Aldundiko ordezkarientzat.
Hirugarren zatian, San Martin Tourseko elizan, Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburuaren aurkezpena egin zuen Olatz Leturiagak. Aurretik, hitza hartu zuten Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, hurrenez hurren. Liburuaren egileak zein udal ordezkariek eskertu egin zuten Jaurlaritzak liburua editatzeko emandako laguntza “ezinbestekoa”.
Balio handiko testua
Bere garaian hautsak harrotu zituen Irazustaren doktrinak, ikuspegi erlijioso zein linguistikotik. Olatz Leturiagak adierazi zuenez, ordea, sasoi hartako testuingurua aintzat hartu behar dugu: “Uste dut garai hartako testuinguruan ulertu eta berrikusi behar dela Juan Irazustak eta bere 1739ko doktrinak euskararen historiaren ikuspegitik duten balioa: XVIII. eta batez ere XIX. mendeko batzuek euskara txartzat hartu zuten Irazustak erabilitako euskara-moldea, baina baliteke kritika horiek lotuago egotea XVIII. mende erdialdean hedatutako gipuzkeraren joera eta ildoei, eta ez benetan itzulpen txarra izatearekin. Izan ere, ez dirudi Irazusta mugimendu horri lotu zitzaionik. Testua aztertuta, ordea, esan daiteke Irazustak euskaraz jakin bazekiela, eta garai hartan euskaraz halako testu bat idazteko gai izatea ez da gutxi. Herritar gehienak euskaldunak izan arren, ikasketak erdaraz egiten zituzten eta Larramendiren lanak iritsi arte Hego Euskal Herrian ez zegoen euskaraz idazteko sistema arautu, bateratu eta ezagunik”.
Azkenik, bertaratu zirenek liburuaren ale bat eskuratzeko aukera izan zuten, eta Irazustari buruz gehiago jakin nahi dutenek hortxe daukate erakusketa, irailaren 16ra arte zabalik izango dena.