Juan Irazusta Alkizalete (Alkiza, Gipuzkoa, 1688-1772) idazle eta Hernialdeko erretoreak idazlan bakarra publikatu zuen. 1739an, Gaspar Astete josulagunaren doktrina argitaratu zuen Iruñean, euskarara itzulita. Doctrina Cristiana Aita Gaspar Astete Jesuitac erderaz compondua ipiñi zuan Eusqueraz D. Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac... izenburuarekin argitaratu zen aipatu lana. Bi mendetan zehar, Gipuzkoako milaka haurrek memoriaz ikasi behar izan zuten dotrina hori. Aldekoak eta kontrakoak izan bazituen ere, haren itzala gaur egunera arte iritsi da.
Hala, Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak Irazustaren jarduna eta bere garaia gogora ekarriko dituzte bihar, uztailak 22 dituela.
Ospakizunak bi zati izango ditu. Lehen zatian, Juan Irazusta eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratuko da. 17:00etan izango da estreinaldia, Fagus-Alkiza Interpretazio-zentroan. Besteak beste, bertan parte hartuko dute Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, eta Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak. Foru Aldundiak bere gain hartu ditu erakusketak eragindako gastuak.
Ospakizunaren bigarren zatian, Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburua aurkeztuko da jendaurrean. 17:30ean izango da agerpena, San Martin Tourseko elizan. Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitz egingo dute; eta, hitzaurreen ostean, Olatz Leturiagak (liburuaren egilea) argitalpen berriari buruzko azalpenak emango ditu. Jaurlaritzaren babesarekin argitaratu da liburu hau.
Bertaratzen direnek liburuaren ale bat eskuratzeko aukera izango dute, eta Irazustari buruz gehiago jakin nahi dutenek, hortxe dute erakusketa, irailaren 16ra arte zabalik izango dena.