Juan San Martin euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrenaren kariaz, Eibarko Udalak gorazarre egin nahi izan dio herriko euskaltzale porrokatuari. Horretarako, Euskaltzaindiari eskatu zion ohiko Osoko bilkura Eibarren egin zezala, ekainean, hizkuntzaren aldeko lan etengabean aritu baitzen eibartarra akademiaren magalean, euskarak haizea alde ez zuen urterik zailenetan.
Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 1958an, eta 1964an euskaltzain oso. 1967-1978 aldian, Euskaltzaindiko idazkaria izan zen eta 1988. urtean euskaltzainburuorde. Arantzazuko 1968ko bileran, euskara batuaren aldeko apustu sendoa egin zuen, ezbairik gabekoa; eta hilabete batzuk lehenago, haren ekimenez, idazle-talde batek Ermuko Zina deritzon dokumentua izenpetu zuen, hizkuntzaren batasuna eskatzeaz gain, herri-hizkeren garrantziaz ohartaraziz: “Euskararen enborretiko adarrak dira euskalkiak, eta adarrak sano izango baditu, enbor sendoa eta osasuntsua behar du. Euskara Batuaren sendotasunak hobeto gordeko ditu euskalkiak ere”.
Jaioterrian, San Martinek lan handia egin zuen hainbat arlotan: Klub Deportiboan arrastoa utzi zuen mendizaletasunean, espeleologian eta eskaladan; eta, Deportiboko Kultura saila sortzeaz gain, kirol-ekintzen osagarri, hango liburutegia garatu zuen, hainbat hitzaldi,mahai-ingurueta erakusketa antolatuz. Bera izan zen, Euskaltzaindiak antolatuta, Eibarko Amaya antzokian 1962ko azaroaren 11n egin zen Gipuzkoako Bertso Txapelketaren finalaurrekoaren bihotza eta arima, non Lazkao Txikik irabazi zuen Eibarko Udalaren kopa.
Ekintzaile eta sustatzaile nekaezina
Eusko Legebiltzarrak 1989. urtean ararteko izendatu zuen eta Arartekoaren erakunde sortu berria osatu eta egituratu egin behar izan zuen, ezerezetik abiatuta, helburuak finkatuz eta lana erruz eginez. Apaltasunez eta jakin-minez jardun zuen karguan; independentziaz, askatasunaren eta justiziaren alde eginez. Egiteko gazi-gozo hartan, Arartekoaren historiarako geratu dira ziegei buruz edo psikiatrikoei buruz egin zituen txosten sendoak. 1994an, Europako arartekoen buru izendatu zuten.
Eragile eta sustatzaile, haren ekimenari esker sortu ziren Euskal Idazleen Elkartea eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea; Egan aldizkaria eta beste hainbat asmo. Idazle eta artezale porrokatua, hainbat argitalpenek darakutsate haren luma zorrotz eta gai askotarikoa.
Eibarren, 2022ko ekainaren 22an, Euskaltzaindia idazlearen sorterrian bilduko da goizez, eta eguerdiko 12:00etan, Ageriko bilkuran, Luis Alberto Aranbarri Amatiño kazetaria eta ohorezko euskaltzaina eta Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoa arituko dira hizlari, aurrenak Sorlekutik sorlekura eta hurrenak Juan San Martinen gaztetako lanak: Zirikadak eta Eztenkadak berbagai hartuta. Ondoren, euskaltzain eibartarraren izena daraman udal liburutegian ezarriko da urteurrenaren xafla.