Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Bilboko hirian euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko. Honela, Euskaltzaindiak eta Udalak berretsi egin dute aspalditik duten konpromisoa, hots, euskararen normalizazioa sustatzen duten jarduerak eta ekimenak elkarrekin garatzekoa.
Hitzarmen hau urtero sinatzen da, eta bertan ezartzen da Euskaltzaindiak euskara garatzen eta plazaratzen lagunduko diola Udalari, hizkuntza arloko aholkularitza emanez eta hizkuntza biziberritzeko eta euskal kultura zabaltzeko hitzaldiak eta kultur jarduerak antolatuz. Halaber, aurtengo ekintzen artean dago jasota Blas de Otero. Una letra impagada. Ordaindu gabeko letra bat izeneko obraren argitalpena.
Euskararen erabilera normalizatzeko eta zabaltzeko, Bilboko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) darabil. Plan horren hiru helburuak ditugu euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea. Gaur sinatutako hitzarmenak erronka horietan aurrera egiteko aukera ematen du, Euskaltzaindiarekin lankidetzan, alegia, berak bermatzen baitu euskararen normalizazioak eskatzen duen estandarizazioa eta euskarak bizirauteko arlo guztietan behar duen bultzada.