Espainiako Senatuak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Espainiako estatuko hizkuntza-ondarearen ezagutza handiagoa sustatzeko eta kultura-aniztasunarekiko errespetua ahalbidetzeko, gizarte-kohesioan eta bizikidetzan sakonduz.
Galdutako Pausoen aretoan egindako ekitaldi instituzionalean, Ander Gil Lurralde Ordezkaritzako Ganberako presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak akordioa izenpetu dute, Senatuak Espainiako estatuko kultura-ondarea aitortzeko eta zabaltzeko duen interesean oinarrituta. Hitzarmenaren arabera –horrek ez dakarkie betebehar ekonomikorik alderdiei– Senatuak eta Euskaltzaindiak euren artxiboak, liburutegi eta dokumentu-funtsak erabiltzea errazago izango dute, eta argitalpenak batera argitaratzea erabaki ahal izango dute. Horrez gain, garrantzi bereziko lege-testuak itzultzen eta euskararen erabilera zuzena sustatzen lagunduko dute, materialak hizkuntza horretan sortuz, bai formatu digitalean, bai paperean.
Horixe da Senatuko presidenteak berezko hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoetako hizkuntza-akademiekin bultzatu nahi duen lehen akordioa, lurralde-ordezkaritzako ganberak akordio horiek errespetatzen eta babesten lagun dezan, Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak agintzen duen bezala. Ander Gilen aburuz, hizkuntzak “gure historiaren isla dira, eta herri bat batzen duen adierazpenik bizi eta ederrena”. “Gure hizkuntza-aniztasuna, Konstituzioan jasoa eta babestua, guztiona den ondarea da, eta denoi dagokigu babestea. Balio sozial eta kultural handia du, eta ezin da inola ere jaurtitzeko arma bihurtu”, esan du Gilek.
Bestalde, Andres Urrutiak gaur sinatutako hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du. “Hitzarmen honek aspalditik geneukan lankidetza berresten du”, eta ildo horretan gogora ekarri du Espainiako Konstituzioaren 25. urteurrenean euskarazko konstituzio-testua erreformatu zela, hain zuzen, “kontuan hartuta euskara batuan 25 urtean izandako aurrerapen terminologikoak, lexikografikoak eta pragmatikoak”. Azkenik, Urrutiak adierazi du akordio honen bidez esparru erkideak sortu nahi direla “euskararentzat eta Espainiako Estatuan hitz egiten diren beste hizkuntza batzuentzat”.