Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Euskaltzaindiak bost urterako elkarlan-hitzarmena sinatu dute. Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako, zabalkunderako, ikerketarako eta transmisiorako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da. Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Beñat Gaztelumendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko kideak eta ikerkuntza arduradunak, eta erakunde bereko koordinatzailea den Idoia Trenorrek hartu dute parte hitzarmena izenpetu den agerraldian. Bertsozale Elkarteko kideek adierazi dutenez “bertsolaritzarekin eta elkartearekin harreman estua izan du betidanik Euskaltzaindiak, eta hitzarmen honen bitartez, erakundeon arteko elkarlanean sakontzea eta elkarrekin euskalgintzan eta kulturgintzan eragiteko gaitasunak biderkatzea da gure nahia”.
Andres Urrutiak beste horrenbeste esan du: “Bertsozale Elkartearekin betidanik izan ditugun loturak berresten ditu akordioak”. “Euskaltzaindiak pozik hartzen du elkarrekiko lankidetzaren eraberritze hau -aitortu du euskaltzainburuak-, eta etorkizunerako oinarriak ikusten ditu bertan, euskara bere osotasunean lantzeko, euskararen munduko hainbat sektorerekin batera”. Azkenik, hitzarmenaren atal garrantzitsu bati erreparatu dio: “Bertsozale Elkartearen testuak jasotzeko aukera baliatuko dugu, aurrerantzean ahozko literatura ere present egon dadin euskararen estandarizazioan”.
Honela, bi erakundeok euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, zabalkundean eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute, bertsolaritza ezagutzera emateko egitasmoak, monografiak, bertsozaletasuna indartzeko lehiaketak, ikastaroak, ikerketak, bekak eta abar abian jarri ahal izango dituztela elkarlanean.
Horrez gain, Euskaltzaindiak Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak iraganean zein hitzarmen honen indarraldian sorturiko euskarazko edukia baliatuko luke, hain zuzen, Akademiak dauzkan ahozko zein idatzizko edukiak biltzen dituzten datu-baseak aberastea litzateke helburua (Euskaltzaindiaren datu-baseek hainbat hedabidek, argitaletxek eta erakundek euskaraz ekoitzirikoa –ahoz nahiz idatziz– jasotzen dute, corpusaren oinarri bihurtuz).
2022rako egitasmo zehatzak
Badira, baita, 2022. urtean garatuko diren egitasmo zehatzak. Esaterako, Mintzola programari lotuta, honako hauek landuko dira elkarlanean:
- 2021ean, Mintzolak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin batera esleitutako bi ikerketa-sarien jarraipena eta zabalkundea egingo da. Zehazki, honako bi hauena: Xabier Leteren prosodia musikalaren alderdi batzuk (Ikertzailea: Agustin Mendizabal Iturria); Bollerak bertsolaritzan: diskurtsoak, praktikak eta eraldaketa sozialerako proposamenak (Ikertzailea: Maider Arregi Markuleta).
- Ahostegunak eta Ahots baten sormen egonaldiak ekimenen antolaketan ere elkarrekin jardungo dute bi erakundeek.
Ikerketari dagokionez, Bertsolariek kantuan darabilten hizkuntzaren azterketa linguistikoa ikerketa elkarrekin jarriko da abian, eta ezagutzaren transferentziari dagokionez, 2021ean Mintzolak esleitutako bi ikerketa-sarien emaitzen zabalkundea elkarrekin antolatuko dute EHBEk eta Euskaltzaindiak.