Euskaltzaindiak martxoko Osoko bilkura egin du gaur Bilbon, eta, ondoren, Ageriko bilkura. Akademiak Agerikoa baliatu du 2021ean hildako lau euskaltzainei gorazarre egiteko. Horrela, iaz zendutako Gorka Aulestia, Kaxildo Alkorta, Ramuntxo Camblong eta Allande Socarros omendu ditu Euskararen Akademiak.
Andres Urrutia euskaltzainburuak lau omenduen profil euskaltzalea nabarmendu du bere sarrera-hitzaldian, eta goraipatu du euskara eta euskal kulturaren alde guztiek eginiko lan eskerga. Ondoren, banan-banan irakurri dira iaz zendutakoen hilberri-txostenak.
Lehenik, Karlos Otegi euskaltzain urgazleak Gorka Aulestia (Ondarroa, Bizkaia, 1932 – Gasteiz, Araba, 2021) ohorezkoaren profila aletu du. Gogoratu du Aulestiaren bizialdi oparoa, “ekintza ugari eta askotarikoetan” murgildutako lankide bezala definitu duela. “Euskal Herriaz gain, Frantzian, Zairen eta Ameriketako Estatu Batuetan jarduna. Nevadako Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitateak sustatutako Esperientzia Gelak programan irakasle izana, euskal literaturaren idazle askori buruzko monografia biografiko-literarioak osatu eta argitaratu zituen Gorkak”, esan du Otegik. Baina, horren guztiaren gainetik, ondarroarra “kontalari aparta, jendekina eta errotik baikorra” zela aitortu du.
Bestetik, Iñaki Sarriugarte irakasle eta Mendebalde Kultura Elkarteko kideak Kaxildo Alkortaren (Getaria, Gipuzkoa, 1943 - Bilbo, Bizkaia, 2021) bizitzari buruzko zertzelada batzuk eman ditu, euskaltzale gipuzkoarrak jorratutako arlo esanguratsuak aipatuz: “Getariatik Nerbioi-ertzetara, Nafarroan barna, Xabier-Loioletan, pilota-munduan, irakasletzan, IVAPen, UZEIn, Mendebalde elkartean, Euskaltzaindian… Ubera gizatiarra utzi du Kaxildo Alkortak bere bizitzan zehar”.
Adolfo Arejitak irakurri du Gexan Alfaro euskaltzain urgazleak Ramuntxo Camblongi (Makea, Lapurdi, 1939 – Angelu, Lapurdi, 2021) buruz idatzitako hilberri-txostena. Alfarok Camblongen ibilbide oparoa laburbildu du bizpahiru foliotan, gogoratuz “1969an Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko sortzaileetarik bat” izan zela, eta 1972an Elkar argitaletxearen sustatzailea ere bai. Horrez gain, “Euskal Herriko Kultur Zentroko lehendakari gisa aritu zen 1984tik 1988ra, eta EKE Euskal Kultur Erakundeko buru egon zen beste lau urtez (1990etik 1994ra bitartean). “Bestalde, kristau gisa, Fededunak deitu elkarteko kide ere bazen”, agertu du txostenean Alfarok. Camblongen idazle profila ere ez du ahantzi, eta azpimarratu du Herrian, Jakin-en eta Euskaldunon Egunkarian edozenbat artikulu idatzi zituela.
Azkenik, Battittu Coyos euskaltzain osoak Jean-Louis Davantek idatzitako txostena irakurri du. Bertan, Allande Socarros (Etxebarren, Zuberoa, 1957 – Maule, Zuberoa, 2021) idazle eta kazetariaren ibilbide politiko eta kulturala deskribatu du, xeheki, bestelako kontu batzuk ere aipatuz: “Idazle zinez emankorra eta ona izan daberrogei bat urtez, bai zubereraz, bai euskara batuan, erakutsiz gainera praktikan euskara batua eta euskalkiak ez direla elkarren etsaiak, alderantziz, elkar laguntzen dutela eta osatzen”. Davantek Socarrosen izaera “lagunkina” ere nabarmendu du bere idazkian: “Allande Socarros langilea bezain lagunkina zen, maitagarria eta maitatua”.
Gaurko ekitaldia girotzeko, Irati Garcia biolin-jotzaileak eta Elene Etxebarria txelo-jotzaileak hiru pieza klasiko interpretatu dituzte. Hain zuzen, J.S. Bach-en Re Mayorreko Suite-aren ‘Aria’, Vivaldiren Bi txelorentzako kontzertua (2. mugimendua) eta J. Massenet-en Thais-en meditazioa.